Durangoko Udalak udal teknikari postuetarako lau lan-poltsa sortuko ditu

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 28a, 11:52

Lanpostuen hautaketa prozesua sarbide libreko proba bidez ebatziko da. Lan poltsak honakoak dira: Idazkaritza Nagusia, Kontu-hartzailetza, Diruzaintza eta Giza Baliabideak. 

Hautaketa prozesuan izena emateko epea bihar, urtarrilaren 29an, zabalduko da eta otsailaren 11n zarratuko da. Interesdunak 20 euroko tasa ordaindu beharko du inskripzioa egin gura duen poltsa bakoitzeko. Dena dela, langabezian dagoenak ez du tasa hori ordaindu beharrik izango. Inskripzioa udalaren web orrian egin ahalko da modu telematikoan. Halakorik egin daitekeen "lehen aldia" dela nabarmendu du.

Gutxieneko oinarriak

Deialdian 16 urtetik gorakoek eta nahitaezko erretirorako adinera ailegatu ez direnek hartu ahalko dute parte. Honez gainera, A1 Taldeari dagokion titulua aurkeztu beharko dute. Hau da: Lizentziaturaren edo Graduaren Unibertsitate Titulua. Beste baldintzetako bat 4. Hizkuntza Eskakizuna izatea da. Dena dela, azken puntu honi dagokionez, 3. Hizkuntza Eskakizuna ere onartuko lukeela adierazi du udalak.

Ebazpena, sarbide libreko proba bidez

"Lan-poltsa hauen bidez, enplegu berria sustatu eta sortu" gura dutela azaldu dute Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziek. "Duela gutxi administrarientzako lan-poltsa bat sortu genuen, urtarriletik indarrean dagoena. Orain, berriz, teknikarientzako lau poltsa berri sortuko ditugu. Gobernura iritsi ginenean argi genuen oso garrantzitsua zela Udalak lan-poltsa berriak izatea, orain arte oso gutxi genituelako eta, gainera, iraungita zeudelako. Azkenik, kontratazioak egiteko irizpide argiak ezarri nahi izan ditugu", azaldu dute zinegotzi biek.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!