Durangoko EAJk gaztetxe zaharreko eraikina eraisteko eskatuko dio udalari "osasun publikoko arrazoiengatik"

Anboto 2021ko urt. 26a, 14:04

EAJ-PNV Durangok biharko osoko bilkuran gobernu-taldeari eskatuko dio Uribarri kaleko 23. zenbakian dagoen eraikina —Sapuetxe gaztetxea zegoena— eraisteari "lehenbailehen berrekiteko", eraikinaren "egoera txarrak" arrisku "nabarmena" eragiten baitie Durangoko herritarrei oro har eta Montevideo kalekoei bereziki, ohar batean adierazi dutenez.

"Azken urtean, txintxorren erorketa gero eta handiagoa da, eraikina igarobide handiko kale batean dago eta, horri buruz ezer egiten ez bada, edozein unetan atsekabea izango dugu", adierazi dute EAJ udal taldetik. "Aldameneko eraikinetako bizilagunak nekatuta daude egoera horrekin, eta, batez ere, oso kezkatuta daude gerta daitekeen edozein istripurekin", azpimarratu dute.

Gainera, EAJ-PNV Durangok azpimarratu duenez, "eraikinaren atzealdea amiantozko plakez estalita dago eta plaka horiek ibaira erortzen dira zuzenean, horrek dakarren kutsadura eta osasun arriskuarekin".

Jeltzaleen arabera, 2018an, Udalak, garai hartan EAJ-PNV buru zela, "hitzarmen bat sinatu zuen URArekin Mañaria ibaiaren ibilguaren gainean eraikita dagoen Gaztetxea eraisteko eta Montevideoko zubia ordezteko". Hala ere, EAJren esanetan, "Herriaren Eskubideak hitzarmena errekurritu zuen, orain Gobernu taldean dagoena, eta ordutik dena geldirik dago".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!