“Gure muga mentalak gainditzen, apurtzen, ahalegindu gura dugu”

Aitziber Basauri 2021ko urt. 24a, 10:30

Durangoko Hitz eta Urrike liburudendetan eskuratu daiteke Kreos karta jokoa, gaztelaniaz. Dena dela, euskarazko formatua labatik noiz aterako zain daudela azaldu dute. Jon Gorroñok eta Rossana Ortuzarrek produktu digitalak diseinatu, garatu eta kudeatzen dituzte. Irakaskuntza birtualeko plataforma batean lanean dabiltza orain.  Interneten bitartez ere eskuratu daiteke: jongoweb.com.

Zer da Kreos? Zein da helburua?
Jon Gorroño: Sormena garatuz eguneroko arazoei, pertsonalei zein lanekoei, konponbidea topatzeko karta jokoa da. 50 karta dira eta zenbait galderari erantzun beharko diogu. Erronka edo arazoa definituko dugu lehenengo galdera sorta bategaz, eta, ondoren, irtenbide edo erantzun kreatiboak edo sortzaileak ematen ahaleginduko gara. Horretarako, perspektiba zabaltzera, gauzak beste begirada bategaz ikustera bideratutako galderak erabiliko ditugu. Azkenik, eragingunea zehazten lagunduko diguten galderak planteatuko zaizkigu: ekintza plan bat zehazteko, eman beharreko pausoak zeintzuk diren jakiteko. Jolasean hasteko, beroketa-kartak ere badaude, kofiantza hartzeko: Zein animalia izan gura zenuke? Zergaitik? eta halako galderak.

Buruan duguna errealitate bihurtzen laguntzeko erreminta da Kreos?
Rossana Ortuzar: Norbere buruagaz egoteko, perspektiba hartzeko eta ideiak ordenan ipintzeko oso erreminta baliogarria da.

Zelan sortu zen Kreos?
J.G.: Emakume ekintzaileentzako tailer baterako sortu zen. Sormenaren bitartez arazoei konponbideak emateko tailerra Interneten bitartez izan behar zen, eta tailerra osatzeko tresna lez sortu genuen. Karta jokoa aztertu eta probatu ondoren, hezkuntza arloan ere erabilgarria dela konturatu gara, edo arazo pertsonalak indibidualki lantzeko.

Zergaitik karta joko bat?
J.G.: Aspalditik nuen sormenagaz lotutako dinamika bat sortzeko gogoa. Formatu bereziki interesgarria iruditu zitzaigun, eskuetan hartu daiteke eta, aldi berean, hainbat pertsonagaz partekatu edo jokatzeko aukera ematen du.

Hainbat arlotan lantzeko tresna da Kreos. Hala ere, bereziki nori bideratutako karta jokoa da?
J.G.: 12-13 urtetik 70 urtera arteko jendarteari zuzenduta sortutako produktua da. Hasieran, ekintzaileei bideratutako zerbait izan behar zuen, profesionalki horretan dabiltzanentzat. Baina konturatu gara sormenarekiko ikusmin apur bat duen edozein pertsonarentzat ere baliogarria dela.

Askotariko arazoei erantzuteko izaera ludikoko tresna bat da?
J.G.: Dudarik barik. Patroi edo eredu berdinei jarraitzeko joera dugu. Bada, karta joko honegaz gure muga mentalak gainditzen, apurtzen, ahalegindu gura dugu. Era zabalagoan pentsatzen lagundu. Irudimenak ez du mugarik. Gauza asko sortu izan dira aurretik norbaitek imajinatu izan dituelako, mugarik barik. Sormenagaz orokorrean, eta Kreosegaz bereziki, irudimena bultzatu gura da, bestelako ikuspuntuak eskaini. Gainera, sormena oso lotuta dago jolasagaz. Perfekzionismoa eta kritika dira sormenaren etsai nagusiak. Bada, epaiak baztertuz, irudimena erabiltzera gonbidatu gura dugu, bai enpresentzat bai norbanakoentzat emankorragoa delakoan.
R.O: Sormena era orokorrean ulertu behar dugu, arlo askotan izan zintezke sortzaile. Batere sortzailea ez naizela pentsatu dut urteetan, baina ohartu naiz oker nengoela. Sormena landu egin daiteke.
J. G.:  Sukaldean sortzailea zara, seme-alabekin hartu-emanean sormena erabiltzen da, eskolan... barneratuta ditugun mugak apurtu behar ditugu. Kimikari edo zientzialariak ere oso sortzaileak dira.

Harrera ona izan du Kreosek?
J.G.: Itxaropen handirik barik, esperimentu lez ipini dugu salgai, eta erantzunagaz oso pozik gaude.
R.O.: Helduentzako tresna lez sortu zen. Baina lortutako feed-backa ikusita, umeentzat ere baliogarria izan daitekeela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!