“Neure burua laguntzaile moduan ikusten dut; sarritan, entrenatzaile bati psikologo lana egitea egokitzen zaio”

Joseba Derteano 2021ko urt. 23a, 10:30

Txirrindularitza profesionala utzi eta urtebetera, bere kirol ibilbideko etapa berri bati ekin dio Beñat Intxaustik. Errepidera bueltatuko da, baina, kasu honetan, bizikleta gainean barik, zuzendari lanetan arituko da. 23 urtez azpiko Eiser-Hirumet taldearen gidaritza hartu du. Duranguesa txirrindulari elkarteak eta Punta Galea elkarteak elkarlanean ateratako taldean 17 ziklista gazte batzen dira.

Zelan izan da zure fitxaketa?
Orain hilabete, taldekoak nigaz hartu-emanetan ipini eta ni taldera batzeko proposatu zidaten.

Baiezkoa eman aurretik, buelta asko eman zenizkion gaiari?
Bai eta ez. Alde batetik, aita izan berri naiz eta arlo pertsonalean ez nau momenturik erosoenean harrapatu. Baina, beste alde batetik, ilusio itzela egiten zidan bertoko talde gazte bategaz lan egiteak. Gainera, bai Duranguesako eta bai Punta Galeako arduradunak ezagutzen ditut eta hartu-eman ona dut eurekin. Egia esanda, gustura eman nuen baietza eta ilusioz nago.

Lehenengo esperientzia izango duzu zuzendari kargu batean?
Bai. Txirrindularitza utzi osteko urtea apur bat lasai hartu nuen. Afizionatu mailako talde bategaz lanean aritu naiz, baina ez barru-barruan sartuta.

Ez da berdina zaildutako txirrindulariak entrenatzea edo oraindino zailtzen ari direnekin lan egitea. Non egongo da exijentzia maila?
23 urtez azpiko gazteak dira eta etorkizunean profesional mailako txirrindulariak izan gura badute gauzak ondo egin behar dira behin 18 urtetik aurrera. Kirol exijentea da eta denean exijitu behar zaie: entrenamenduetan, elikaduran…gero lasterketetan errendimendua izateko. Horregaz batera, txirrindularitza kirol berezia da, jakina: batek irabazten du, baina talde lanaren saria izaten da. Horrelako balioak ere erakutsi behar zizkie gazteei. Hori dena aurrera eramatea nire ardura izango da; nirea eta Alain Ramirez [iazko zuzendaria] laguntzailearena.

Ramirez aurretik ezagutzen zenuen?
Ez, oraintxe ezagutu dut, taldera batu naizenean, eta oso hartu-eman ona izan dugu. Bion artean taldea aurrera eramateko erantzukizuna izango dugu.

17 txirrindulari izango dituzu zure agindupean. Zelakoa izan da lehenengo kontaktua eurekin?
Oraingoz ez dut eurak ondo ezagutzeko aukerarik izan. Orain arte bi-hiru entrenamendu baino ez ditugu egin. Gainera, bizi dugun egoera dela-eta, zoritxarrez ezin izan dugu bilera presentzialik egin eta bideokonferentzia bidez egon gara. Denboraldia hasi aurretik hartu-eman hori sendotzea da helburua: euren feedbacka jasotzeko eta eurek nire filosofia edo lan egiteko modua ezagutzeko. Gaur egun indarrean dagoen araudiagaz ez da erraza, baina, araudia beteta, horixe landu behar dugu hurrengo asteetan.

Zure txirrindularitza-ibilbide luze eta oparoan aginduak hartzea egokitu zaizu. Orain hesiaren beste aldean zaude. Zelakoa de Beñat Intxausti agintzen?
Neuk ere ez dakit oraindino zelakoa izango naizen. Hasieran beroa izango naizela uste dut, dela urduritasunagaitik dela ilusio eta gogoagaitik… Beharbada lasaitu egin beharko dut apurtxo bat. Neure burua laguntzaile moduan ikusten dut, psikologo moduan. Sarritan, entrenatzaile bati psikologo lana egitea egokitzen zaio, txirrindulari bakoitza pertsona bat delako. Batzuetan gomendio on batek entrenamendu batek baino eragin handiago izaten du txirrindulari batengan. Neure ibilbidean sentitu, ikusi eta ikasi dudana gazteei erakustea izango da helburua.

Memoria ariketa bat eginda, zelakoa zinen zu euren adinean?
Txirrindularitza ez nuen ogibide moduan ikusten orduan. Gehiago zen zaletasun bat. Denerik bizi izan nuen: lasterketetan lan ona egiten nuenean pozik egoten nintzen, eta txarto egiten nuenean entrenatzailearen errieta entzun, burua makurtu eta ikastea egokitzen zitzaidan, hurrengoan hobeto egiteko. Akatsetatik ikastea oso garrantzitsua da.

Zein izango da urteko egutegia?
Une honetan zalantza asko dago. Otsail-martxoko lasterketa asko ez dakigu egingo diren. Karrera batzuk egingo diren herrietan, esaterako, konfinatuta daude. Gainera, Nafarroako Itzulia eta beste hitzordu garrantzitsu batzuk bertan behera geratu dira. Denerik dago eta egoera aldatu egiten da astetik astera. Une honetan ez dakigu seguru noiz hasi ahalko dugun denboraldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!