“Entzun gura genukeen musika egiten ahalegintzen gara”

Aritz Maldonado 2021ko urt. 22a, 17:00

26:11 [Hogeita sei hamaika] talde durangarrak lau abestiko 'Oihu ezkutuak' lana kaleratu zuen abenduan. 2018ko hondarretan ipini zuten taldea martxan Enekok (ahotsak), Santik (baxua eta teklatua), Mikelek (bateria) eta Victorrek eta Gorkak (gitarrak). Egun, Imanol Erdoizak jotzen du bateria.

Non eta zelan grabatu zenuten 'Oihu ezkutuak'?
Iazko itxialdian hasi ginen EPa lantzen. Uda amaiera aldera amaitu genuen konposaketa. Pistarik gehienak etxean grabatu genituen, eta gainerakoak Durangoko gaztetxeko musika gelan.

'Arima' abestirako, doinu leunagoak aukeratu dituzue. Zein talde edo doinu dituzue gustukoen?
Orain artean egin dugun kanturik lasaiena izan da; gogoa genuen balada tankerako zerbait egiteko. Musika talde asko ditugu gustuko.Inguruko bi aipatzearren, Berri Txarrak eta Su Ta Gar. Taldekide bakoitzak bere gogoko estiloak entzuten ditu eta hainbat erreferente dugu: Metallica, Paramore, Anti-Flag, Coldrain, Led Zeppelin... Estilo aldetik, rocka, metala eta eratorriak dira eraginik nabarienak, baina elektronika, reggaea eta jazza ere gogoko ditugu, besteak beste.

Zelan definituko zenukete zuen musika?
Jendeak dio rock gogorra edo punk rocka egiten dugula, baina guk ez dugu argi oraindino. Gogoko dugun musika egiten ahalegintzen gara, entzun gura genukeen musika egiten dugu.

Nondik dator taldearen izena?
Entsegu gela zaharretariko batean The Beatlesen egutegia genuen, eta bertan 26:67 zenbakia ageri zen. Zenbakiekin eta ahoskeragaz joko batzuk egin genituen, eta izena 26:11 izatea erabaki genuen. Gero konturatu ginen taldearen izenaren sortze datagaz bat zetorrela, gainera.

Zelakoa izan da 'Sapuek eta sugiek' bilduman parte hartzea?
Oso aberasgarria. Durangaldeko beste taldeek egiten dutena ezagutzeko eta eszena musikal bat sortzen hasteko aukera izan dugu. Ez da gutxi, talderik gehienak berriak garela kontuan hartuta. Diskoaren bitartez, sortzaile berriak ezagutu ditugu, baita gure bateria-jotzaile berria den Imanol ere. Parkatu taldekoei lan honetan parte hartzeko proposamena egitea eskertu gura genieke.

Zein da hemendik aurrerako plana?
Une honetan, EP berri batean lanean gabiltza. Ez dugu kaleratze datarik, baina laster gauza berriak aurkeztuko ditugu. Kontzerturen bat antolatzea pentsatu dugu, baina egungo egoeragaz ez dakigu posible izango den;  bien bitartean, gogor ekingo diegu entseguei. Bizitzen gabiltzan egoera arraro hau aparteko aukera lez ikusten dugu gauza berriak probatzeko eta musika estilo desberdinekin esperimentatzeko, sortze prozesu luzeagoak dauzkagulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!