“Proiektu berriak sendoa izan behar du, herritarrik gehienek bere sentitu behar dute”

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 25a, 10:47

Urte hasieran, herritar talde batek 'Plateruena ta gero zer?' dinamika aurkeztu zuen. Taldea Plateruena kudeatzeko proposamen bat lantzen dabil, gero Durangoko Udalari aurkezteko, eta hausnarketa kolektiborako deia egin dute ekarpenak jaso eta proiektu parte hartzailea gauzatzeko. Aritz Lasarguren eta Maitane Serrano talde horretako kideak dira.

Zein da Plateruenerako proposamen berri horren funtsa?
Maitane Serrano:
Plateruena kulturgune lez ikusten dugu, Kafe Antzoki eredua alde batera utzita. Taberna bat izatetik, sorkuntzarako eta kultur bizitzarako espazio bihurtu gura dugu. Ikusle moduan ez ezik, kultur sorkuntzan hezteko gune bat izatea gura genuke. Asteburuetan kultur ikuskizunak egingo lirateke, orain arteko moduan, baina aste bitartean sortzaileentzako espazio lez erabili ahalko litzateke, erresidentzia artistiko lez, tailerrak edo ikastaroak egiteko. Sorkuntzaren kultura bat piztu gura dugu, hemendik urte batzuetara durangarrek kulturagaz duten hartu-emana beste era batekoa izan dadin, herri kulturzaleagoa eta sortzaileagoa izan dezagun.
Aritz Lasarguren: Funtsean, zerbitzu publikoa emateko bokazioa lukeen proiektua. Kultura jaso edo kontsumitu bakarrik ez, sormena landu eta garatzeko espazioak behar ditu Durangok, eta, horretarako, inbertsio publiko bat behar da. Durangon baditugu beste espazio batzuk kulturako beste esparru batzuetara bideratuta: San Agustin, museoa, musika eskola, liburutegia... Eragile horien guztien arteko elkarlana beharrezkoa da, gainera, herri ikuspegia eduki eta elkar elikatzeko.

Nortzuk zarete dinamika honen bultzatzaileak?
A.L.:
Azken urteetan Platerueneko kulturgintzako taldean aritu dira gutariko batzuk; herrigintzan edo kulturgintzan aritutako durangarrak ere batu gara.
M.S.: Plateruenaren itxierak batu gaitu. Kezka konpartitu hori genuen eta dugu. Bigarrenez zabaltzeko ideia buruan eduki dugu bueltaka, eta hori zelan gauzatu ahalko litzatekeen pentsatzen hasi ginen oinarri bat hartuta: proiektuak zabala eta parte hartzailea izan beharko du. Guk ideia batzuk ditugu, baina proiektu honetara ahalik eta durangarrik gehien batzea da dinamika honen helburua, Plateruena berriaren ekarpena ahalik eta handiena izateko.

Harremantze bira ere abiatu duzue horretarako.
M.S.: Orain arte dozenaka elkarte, talde eta norbanakogaz batu gara kezkak, iritziak eta asmoak partekatzeko. Baina gure asmoa Durangoko ahalik eta kultur talde, eragile edo norbanakorik gehienekin batzea da, proiektua ahalik eta ondoen osatzeko.
A.L.: Durangoko kultur taldeen zerrenda luzea da eta, hasteko, orain arte Plateruenagaz hartu-emanik estuena izan dutenekin batu gara: kultur, antzerki eta dantza taldeekin, literatura lantzen dutenekin, euskalgintzako eragileekin...

Otsailaren 6rako lan saio parte hartzailera deitu duzue.
A.L.:
Lan saioan, garatzen gabiltzan proiektuaren oinarriak azalduko dizkiegu bertaratutakoei, euren ekarpenak jasotzeko asmoagaz. Hortik aurrera, hausnarketa nagusi hauek egin gura genituzke: Zer beharrizan ditu Durangok kultura arloan? Zertarako balio dezake Plateruenak?
M.S.: Plateruena ta gero zer? dinamikan parte hartzeko aukera desberdinak egotea gura genuen. Bakoitzaren aukerak desberdinak dira, eta egungo osasun larrialdi egoeran planteamendu guztiak kontuan izatera garamatza. Otsailaren 6ko saioa erreminta horietariko bat da. Bertan, aurrez aurre konpartituko ditugu lehen aipaturiko hausnarketak. Hala ere, proiektuagazko atxikipena duen orok egin dezake ekarpena plateruenatagero@gmail.com helbidean.
A.L.: Argi dago Plateruena ahalik eta lasterren berriro zabalik egotea gura genukeela. Dena dela, proposatzen dugun proiektuak sendoa izan behar du, eta ahalik eta herritarrik gehienek bere sentitu behar dute; proiektuak guztion ekarpenagaz egingo du aurrera. Zimenduak ipintzen gabiltza eta oinarri indartsu bat edukitzea ezinbestekoa da proiektuak aurrera egiteko. Lan handia dugu aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!