Durangoko Udalak ariketa fisikoa egiteko gune bat irekiko du Ibaizabal kaleko parkean

Anboto 2021ko urt. 19a, 19:12

130 metro karratu eta hamabi ariketa-gune izango du kalistenia parkeak. Lanak otsailaren erdialdean hasiko dira.

Durangoko Udalak aire librean ariketa fisikoa egiteko gune berri bat irekiko du Ibaizabal kaleko parkean. ‘Kalistenia’ izenez ezagunagoak diren kaleko gimnasio hauek gailu ezberdinak izan ohi dituzte adin ezberdinetako pertsonek ariketa fisikoa egitea ahalbidetzeko. Ibaizabal parkean kokatuko den gune honek, zehazki, 130 metro karratu eta 12 ariketa-gune izango ditu, gomazko lurrarekin.

"Udaletik adin guztietan ariketa fisikoa sustatzearen aldeko apustu argia egiten dugu. Duela urtebete ‘Mobidurango’ zerbitzua sortu genuen, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzeko eta Durango jarduera fisikoko erreferentea izateko helburuarekin. Kirolaren lehiakortasunetik haratago, durangarron ongizatea sustatu nahi dugu, eta horrelako guneek norabide horretan sakontzen dute”, adierazi dute Aritz Bravo Hirigintza arduradunak eta Julian Rios Kirol arduradunak udaleko ohar batean.

30.000 euroko aurrekontuarekin, lanak otsailaren erdialdean hastea aurreikusten dute udal arduradunek. Lanek bost asteko iraupena izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!