Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek Tene Mujika saria irabazi dute

Anboto 2021ko urt. 19a, 09:08
(Argazkia: Elkar Argitaletxea)

Amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute.

Erika Lagoma Pombar (Lesaka, Durangaldean bizi da, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975) eskuz esku arituko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat ontzeko. Urtebeteko epea izango dute euren lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko du Elkar argitaletxeak.

"Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak jasoko dira: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak", laburbildu dute liburuaren nondik norakoa Elkar argitaletxeko webgunean.

Aurten beka bi

Aurten sari bat beharrean bi emango dituzte. Izan ere, proiektu ugari eta "maila handikoak" aurkeztu dira eta horien guztien artean saria bi lani ex-aequo ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu beharrean bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Bigarren beka Jon Abril Olaetxearentzat (Bera, 1975) da eta  Euskal Herrian barna emakumeek izan dituzten lanbideen erakuspen zabal bat eskaini nahi du, Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian proiektuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!