Durango Nissan Gaursa garaipenagaz itzuli da lehiara, hamar hilabeteko parentesiaren ostean

Joseba Derteano 2021ko urt. 15a, 10:17
Argazkia: goiena.eus

Hamar hilabetean partidu ofizialik jokatu barik egon dira, baina DRTko jokalariei ez zaie errugbian jokatzea ahaztu. Joan zen asteburuan garaipenagaz ekin zioten denboraldiari, Arrasateren zelaian. Aitzakiarik bako garaipena izan zen: 5-38. Oraindino txispa apur baten faltan, talde lan sendoan oinarritu zuten garaipena.

Taldeak ondo funtzionatu zuen zelaian, eta Santos Regil entrenatzailea gustura dago emandako itxuragaz. "Bagenuen kezka apur bat hainbeste denboraren ostean taldeak zelan erantzungo zuen, baina ondo aritu ginen. Egia da, baita, jarduera ezak talde denei berdin eragingo diela, ez guri bakarrik", azaldu du.

Markagailuak erakusten duen baino partidu gogorragoa izan zen, hala ere. "Antolaketa aldetik eta talde moduan Arrasate baino talde sendoagoa ginela ikusten zen, baina txispa apur bat falta zaigu oraindino eta aurkariak nekatu arte landu beharreko partidua izan zen", gogoratu du. Gainera, eguraldiak jokalarien lana zaildu zuen. Elurra mara-mara ari zuela ibili ziren jokatzen.

Lehenengo urteko hiru senior gaztek talde nagusiarekin debutatu zuten. Ander Apraiz atxondarrak titular jokatu zuen; Unai Juaristi iurretarra eta Beñat Urizar durangarra bigarren zatian zelairatu ziren.

Bost asteko prestaketa

Ligako errugbi taldeek abendu hasieran jaso zuten entrenatzen hasteko baimena. Beraz, bost aste eskas izan dituzte liga hasiera prestatzeko. Durangoko taldeak garrantzi berezia eman dio prestaketa fisikoari, lesioak saihestu guran. Eta, oraingoz, lanak bere fruituak eman ditu. Jokalari batek izandako zaintiratua kenduta, gainerakoek arazo barik amaitu zuten norgehiagoka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!