Udalak azaldu duenez, "zalantzan ipintzen den trenaren lur zaharren proiektuari buruzko informazio guztia helarazi gura diegu durangar guztiei. Gure ustez, ezinbestekoa da durangarrak jakinaren gainean egotea, kontzienteki eta datu guztiak mahai gainean dituztela bozkatu ahal izateko. Udal hau, erakunde lez, ez da inongo aukeraren alde edo kontra agertuko, partehartzea sustatzera mugatuko da", azaldu dute Durangoko udaleko ordezkariek.
Lehenengo fasean (dagoeneko martxan dago), udaleko langileek proiektuaren aurrekariei eta kontsultako erantzun biek izan ditzaketen ondorioei buruzko informazio guztia bildu dute. Bigarren fasean, udala herriko eragile sozialekin biltzen hasiko da, batutako informazioa helarazteko eta kontsultaren prozesu osoa azaltzeko.
Hirugarren fasean, udalak herritar guztiei zuzendutako informazio kanpaina bat egingo du, eta, saio zabalen bitartez, trenbidearen inguruko proiektuaren berri emango du. Hirugarren fase honetarako, hainbat bilera aurreikusi dituzte herriko hainbat gunetan eta baita Interneten bitartez ere.
Azken fasea hauteskunde kanpaina bera izango da, Durangon egiten diren hauteskundeetan erabiltzen diren mekanismo berberekin. "Alde horretatik, boto aukera guztiek aukera berdinak izango dituztela ziurtatuko du udalak", azaldu dute udal ordezkariek. Gaineratu dutenez, "datozen hileak biziak izango dira, botoa eman aurretik durangarrek informazio guztia mahai gainean izatea gura dugulako",