Durangoko 300 bat komertziok udalaren diru laguntza zuzena jaso dute, 190.000 euro guztira

Anboto 2021ko urt. 12a, 11:54

Durangoko Udalak herriko dendari txikiak eta ostalariak lagundu ditu diruz. Guztira, 190.000 euroko diru-poltsa banatu du laguntza eskakizunak egin dituzten 300 bat negozioen artean. Udala bigarren diru-poltsa bat diseinatzen ari da ostalariekin batera.

Koronabirusak eragindako kalte ekonomikoa arintzeko asmoz, Durangoko Udalak 190.000 euroko diru poltsa banatu du herriko negozio txikien artean. Herriko 300 bat negoziok eskatu dute udalaren diru laguntza, eta honezkero ia denek jaso dute dirua, udalaren esanetan. Kontua iazko udaberritik dator. Orduan aktibatu zuen udalak herriko ekonomia biziarazteko plana, eta horren baitan zegoen 190.000 euroko diru poltsarekin herriko negozio txikiak laguntzeko neurria.

Dena dela, udalak aurreratu du honakoa ez dela zerbait isolatua. Ostalariekin batu da azken egunetan, eta sektore horretara bideratutako beste diru-laguntza partida bat prestatzeari ekin dio. Oraingoz ez du kopururik jakinarazi baina aurreratu du laster jakinaraziko dituela xehetasun guztiak. "Badakigu garai zailak direla, batez ere krisiaren ondorioz beren negozioak kolokan ikusi dituztenentzat. Gobernu talde honi ezinbestekoa iruditzen zaio Durangoko ekonomia suspertzea, merkataritza eta ostalaritza biziak izateak aberastasuna sortzen baitu arlo askotan, eta ez soilik ekonommikoan", adierazi dute Jorge Varela eta Aritz Bravo zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!