Herritar talde batek 'Plateruena ta gero zer?' dinamika aurkeztu du

Anboto 2021ko urt. 12a, 08:51

Plateruena kudeatzeko "proiektu berri bat garatzen ari da" herritar taldea, Durangoko Udalari aurkezteko asmoz. "Hausnarketa kolektiboa" egin guran, lan saio parte-hartzailea deitu dute otsailaren 6rako. 

Plateruenak "kulturgune lez" duen potentziala indartzea aurreikusten du dinamika aurkeztu duen taldeak, besteak beste, "ostalaritza albo batera utzita". "Euskara, kultura eta herritarrak lirateke proiektu berri honen ardatza; aurreko proiektuaren ondarea baliatu, akatsetatik ikasi eta Plateruena durangarrentzako kulturgintzarako dinamika berri batean murgiltzeko eredua garatzen ari gara", azaldu dute ohar baten bidez. Besteak beste, herrigintzan eta kulturgintzan arituriko durangar batzuk eta Plateruenan bertan kulturgintzan aritu diren kide batzuk osatzen dute taldea.

Harreman biran hasita

"Plateruena berria herritarrak protagonista edukiko dituen ahalduntze ariketa bat izan behar delakoan gaude", jarraitu dute oharrean. Horretarako, otsailaren 6an Zabalarran egingo duten lan saio parte-hartzaileaz gainera, talde honetako kideek "harreman bira" hasi dute Durangoko eragile, kolektibo eta norbanakoekin. "Bisitaturiko lagun eta elkarte adina ideia jasotzen ari gara, eta argi geratu zaigu kultur transmisioak horizontala izan behar duela, eta Durangoko kulturgintzak berau koordinatuko eta sustatuko duten tresnak behar dituela".

Osasun neurriak bete ahal izateko, otsailaren 6ko saioan parte hartzeko eskaera-orria diseinatu dute antolatzaileek: labur.eus/tagerozer. Saioa otsailaren 6an izango da, 10:30ean, Zabalarra ikastetxean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!