Durangoko EAJk Jesuiten komunitateari eman dio aurtengo Astarloa Saria

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 23a, 18:16

Durangoko EAJk Jesuiten komunitatea omendu du aurtengo Astarloa Sariagaz. Durangoko jesuitek dozentzian, giza-balioetan eta elkartasunean 180 urte baino gehiagoz egindako lana goraipatu dute.

Durangoko EAJk Astarloa Saria banatu du gaur arratsaldean, Zumalakarregi kaleko bere egoitzan. Uri Batzarrak hala erabakita, aurtengo sariarekin Durangoko jesuiten komunitatea omendu du. Izaskun Urienek, Durangoko Uri Batzarreko presidenteak, saria jesuitei ematea "ohorea" dela adiarazi du. "Durangoko komunitatean eta bizimoduan garrantzitsuak izan zarete eta izango zarete. Ez bakarrik dozentziagatik. Baita komunitate lanagatik eta etorkinak gizarteratzeko egiten ari zareten lanagatik ere". Mireia Elkoroiribe udaleko EAJren bozeramaileak, bestalde, jesuiten komunitateak landutako "giza-balioak" eta "elkartasuna" goraipatu ditu. "Durango herri bereziki solidarioa da. Eta hori, baten batengandik jaso dugulako da. Zuengandik, bereziki", adierazi du.

Oroigarria Koldo Katxo jesuitak hartu du. Bera izan da saria jasotzera hurbildu den kideetako bat. Bere ondoan egon dira bere komunitateko beste hainbat lagun. Juanjo Moreno, Juanjo Lopez eta Michael Pastor, besteak beste. Katxok eskerrak eman dizkio EAJri eta gogora ekarri du Jesuiten komunitatea Durangotik duela gutxi joan zen arren, ez dela guztiz joan. "2020ko uztailean Durangotik alde egin genuen Jesuita elkarte bezala. Baina ez gara joan. Ikastetxea da gure ikurra, eta transmisioak hor segitzen du. Jesuitok ahal dugun aldiro etorriko gara hezkuntza misioa egitera". Durangarrekiko eskerrona agertu du Katxok: "etxean bezala sentitzen gara".

180 urteko ibilbidea

Koldo Katxok azaldu duenez, 1841. urtera jo behar da Durangoko jesuiten komunitatearen hastapenak ulertzeko. "Urte hartan hiru jesuita iritsi ziren Belgikatik Durangora. Bertakoak ziren, erbestean egotetik etxera bueltatu ziren. Aita-semeak ziren haietako bi. Durangaldean erlijio-jarduerak sustatzeari ekin zioten. Gerora, udalagaz hezkuntza akordioa sinatu zen. Eskola apostolikoa sortu zen lehenik. 1907an zabaldu zen ikastetxe berria, bere eliza eta guzti. 1937ko gerran suntsitua izan zen eta 1943an berregin zen. Gerora, eskola apostolikoa barik, ikasleei, modu orokorrean zabaldu zitzaien eskola. Herriari emanda, herriari begira eraikitako eskola izan zen. Beranduago jesuiten elkartea etorri zen eta azken urteetan migranteak hartu izan ditugu", azaldu du.

https://anboto.tok-md.com/argazkiak/Jtg/cache/jesuitak_2_tokikom_700x700.jpg

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!