Aurrekontu sozial adostu bat, tokiko merkataritza sustatzeko hainbat emendakin, eta kontrako bi boto baino ez

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 22a, 21:39

Trigonometria ariketa bat balitz bezala, Durangoko udalbatzak 2021ko aurrekontuak onartu ditu hiru alderdi nagusiek (EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea) lortutako adostasunari esker. "Beharrizanik handiena dutenei begirako" aurrekontuak, martxan daude honenbestez. EAJk aurrekontuei aurkeztekoa zuen osoko zuzenketa erretiratu du, bukaerako testuan bere emendakin nagusiak onartu direlako. Abestenitu egin da. PSE-EE, berriz, bakarrik gelditu da eta aurrekontuen kontra egin du.

Aurreikusitako gidoia bete egin da. Durangoko udalbatzak 2021eko aurrekontuak onartu ditu EAJren, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen adostasunarekin. Aldeko botoa eman dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Kontrakoa, berriz, PSE-EEk, eta abstentziora jo du EAJk. Talde jeltzalearen abstentzioa ez zen aurrekontuak onartzeko ezinbesteko giltza, (gobernuan dauden alderdi biek gehiengoa dute), baina bere emendakinik nagusienak aurrekontuetan islatuta geratu direnez gero, posizio hori hartu du, udal gobernu taldeagaz akordioa lortuta.

Labur esanda: Durangoko Udalak 33,8 milioi euroko diru-poltsa izango du 2021. urtea kudeatzeko, eta, horrekin, pandemiak apurtutako ehundura sozioekonomikoa josten hasteko. Iazkoa baino diru kantitate apalagoa izango dute aurrekontuek. 2,3 milioi euro gutxiago. Bizkaiko Foru Aldundiak udalerriei egiten dien ekarpen ekonomikoa gutxitu dela eta izango dira murritzagoak.

"Aurrekontu sozialak"

Aurrekontuaren edukiari buruz, berba bi. Gobernu taldearen esanetan, "aurrekontu sozialak", dira, "beharrizanik handiena dutenei laguntzera begirakoak". EH Bilduko Iker Urkizaren esanetan, "gastu soziala %4 igo" da iazko aurrekontuekin alderatuta.. Jorge Varela Herriaren Eskubideko zinegotzia, bestalde, "aurrekontuen %13 pertsonei zuzenduta dagoela esan du. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak bere taldeak egindako hiru ekarpen nagusiei egin die erreferentzia: komertzioak eta ekonomia biziberritzeko egindako ekarpenei, merkatu plaza biziarazteko ekintzei eta  mugikortasun jasangarrirako diru partidei. Jesica Ruiz sozialistak, berriz, baztertu egin ditu aurrekontuak, bertan, "nagusiki inbertsioak" jasotzen direla iritzita. Inbertsioetarako unea ez dela berretsi du.

ESANAK:

Mireia Elkoroiribe (EAJ): "Hasieran, osoko zuzenketa bat aurkeztekoak ginen. Batez ere, zergak igotzearen aurka gaudelako. Baina gurekin edo gabe, udal gobernu taldeak aurrekontuak onartu ditzake. Beraz, bi aukera ditugu: oposizio gogorra egitea edo oposizio eraikitzailea eta arduratsua egitea. Bigarrenaren alde egin dugu eta pozik gaude guk aurkeztutako emendakinik garrantzitsuenak aurrekontuetan islatuta daudelako. Guk nahiko genituzkeen aurrekontuak ez badira ere, aurrekontuak hobetzea lortu dugula uste dugu".

Iker Urkiza (EH BIldu): "Aurrekontu sozialak dira, beharrizanik handiena dutenei begirakoak. Diru partidak mantendu edo igo ditugu. Kasu batzuetan baita diru partida berriak sortu ere. Hezkuntza komunitateari begirakoak, migrazioari begirakoak, nagusiei begirakoak, adibidez. Akordio zabalak lortze horretan sinesten dugu. Orain, durangarrentzat onuragarriak diren proiektuak egin ditzakegula frogatzeko aukera zabaltzen zaigu. EAJri ere eskerrak eman gura dizkiot. Seguru gaude aurrekontu hauek Durango hobetzeko balioko dutela".

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Pandeniak zeozer erakutsi badigu, hori pertsonek duten garrantzia da. Horregatik, gure bizilagunen ongizatea lehenetsi dugu. Soluzioak ipini behar ditugu. Gastu soziala %4 igoko dugu. Eta Durango, hein handi batean, zerbitzu-herri bat dela kontuan hartuta, komertzioak bultzatuko ditugu. PERCO proiektua garatu eta 180.000 euroko diru-laguntza zuzenak eskainiko ditugu. 'Kilometro zero' delakoaren alde egingo dugu. Lehentasuna emango diegu ekoizleei eta ekonomia lokala indartzeari".

Jesica Ruiz (PSE-EE): "Aurrekontuen osoko zuzenketari eusteko arrazoiak soberan ditugu. Aurrekontu hauek ez dute ikuspegi sozialik. Lehentasun modura, ezkutu edo babes sozial bat behar dugu. Aurrekontuen kontra gaude, nagusiki inbertsioak egitea aurreikusten delako. Ez da inbertsioetarako unea. Inbertsioak egiteko soberakinari itxaron beharko genioke"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!