Durangoko udal gobernu taldeak eta EAJk akordioa lortu dute 2021eko aurrekontuetarako

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 21a, 19:21

Durangoko Udalak baieztatu duenez, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak EAJk egindako "zuzenketa nagusiak" txertatu dituzte datorren urteko udal aurrekontuetan, jeltzaleen "abstentzioaren truke".

Jarrerak hurbildu dituztela dirudi. Eta baliteke hurbilketa horretatik fruituak eratortzea. Durangoko EAJk, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak 2021eko udal aurrekontuak adostu dituzte, abstentzio bat tarteko. Hiru indar politiko nagusiak bat etorri dira lehentasunezkoak diren lan-ildo hauek bultzatzerako orduan: tokiko merkataritza, suspertze ekonomikoa, mugikortasun jasangarria eta hornidura-merkatuaren birgaitzea. Udal iturriek azaldu dute gastu soziala handitzeari begirako aurrekontuak direla, nahiz eta diru-sarrerak murriztu diren. Akordio hori behar bezala egikaritzen dela ziurtatzeko, jarraipen-mahai bat egingo dute gobernu taldeko bi ordezkariz eta EAJren bi ordezkariz osatuta.

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak esan dutenez, EAJk egindako zuzenketa nagusiak txertatuko dituzte aurrekontuetan, talde jeltzalearen abstentzioaren truke. EAJk, bere aldetik, aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketatu kenduko du modu horretan. GObernu taldearen esanetan, honako hauek dira EAJren eskariz handituko diren diru-partidak.

  • Inbertsioen arloan: merkatu plaza (200.000 euro), bizikletentzako aparkaleku seguruak (30.000 euro), bizikleta-aparkalekuentzako askotariko materiala (10.000 euro), udaltzaingoarentzako bizikleta elektriko bi (5.000 euro), bide seinalektika, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide ikurrak (30.000 euro) eta zebra-bideetako argiteria hobetzea (30.000 euro)
  • Gastuan atalean, honako kopuru hauek igoko lirateke: hornikuntza-merkatua promozionatzeko kanpaina (12.848 euro), Merkatu plaza dinamizatzeko azoka tematikoak (30.000 euro), hornikuntza-merkatuarekin etorkizunean zer egin erabakitzeko parte hartze prozesua (9.500 euro), Turismoa-Durango Euskal Autonomia Erkidegoan promozionatzeko kanpaina (20.000 euro), Komertzioak-Erakusleiho lehiaketak (5.000 euro).

Elkar-ulertzea, hiru alderdi nagusien artean

Durangoko Udalak azaldu duenez, akordioa sinatu duten alderdiek atzean utzi gura dituzte azken hilabeteetan piztutako tentsioak. "Gezurretan aritzearen akusazioak, dimisio-eskaerak edo gainerako eraso pertsonalak atzean utzi gura dituztenez, berriro ere ezer positiborik ekartzen ez duten balio-galera larririk ez gertatzeko nahia berresten dute, ez baitira nahi den demokrazia ereduaren adibide", esan du gobernu taldeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!