“Jendeagaz berba egitea, musika ipintzea… Gustatzen zait saltsa hau, niretzat pozgarria da JAEDeko postuan egotea"

Joseba Derteano 2020ko abe. 19a, 11:00

JAED zozketa solidarioa egiten hasi zenetik, urtero-urtero txartelak saltzen egon denetariko bat da Alberto Ortuzar Gonzalez de Etxabarri (Durango, 1954). Erretiroa hartu aurretik, asteburuetan egoten zen; orain hiru urte jubilatu zenetik, ia egunero dago bertan. Elkarrizketa ere hantxe egin diogu.

Zelan doa txartelen salmenta?
Iazkoa baino hobeto. Sarrerekin gastuak ez paretzeko beldur ginen hasieran, baina dagoeneko igarota dago langa hori. Herritarren berotasuna sentitzen ari gara eta horrek asko laguntzen du. Beraz, alde horretatik esker oneko gaude. Azkenean, JAEDen zozketa solidarioa Durangoko Gabonetako parte bihurtu da apurka-apurka.

Esan dizue inork ohi baino txartel gehiago erosiko duela laguntzeko?
Bai, batek baino gehiagok esan dit: "Begira, seguruenik ez zait saririk tokatuko, baina txartelak erosiko ditut laguntzearren". Lehen bat erosten zuenak orain hiru erosiko ditu, beharbada.

Astean zenbat egunetan egoten zara postuan?
Astegunetan egunero egoten naiz, goizean ez bada arratsaldean. Zapatu goizetan ere bai. Jubilatu nintzenetik langile finko bat naiz (barrez).

Inork esan dizu inoiz: "Zuk saldu zenidan txartelak saria izan du" edo antzerakorik?
Inoiz, bai. Kotxearen txartela saldu dudanetan edo antzerako kasuetan. Baina, tira, ez da askotan gertatzen zaidan zerbait. Gainera, nik badakit zein egunetan zer zenbaki saldu dudan eta nor etorri den erostera; batzuetan susmoa izaten dut nori zer egokitu zaion.

Zuk zeuk erosten duzu txartelik?
Bai, egunero ez bada ere, egun askotan erosten dut baten bat. Baina sekula ere ez zait ezer tokatu! Ezta saririk txikiena ere. Ez dut zorterik izan alde horretatik.

JAEDek Gabonetako Zozketa hasi zuenetik, urte batean ere ez duzu hutsik egin.
JAEDen aurretik, Santo Hospital erakundean egon nintzen, han ere boluntario. Gero, JAEDeko Gabonetako Zozketaren postuan hasi nintzen eta jendeagaz berba egitea, musika ipintzea eta saltsa hau guztia gustatzen zaidanez, niretzat oso pozgarria da hemen egotea.

Saltzen ez ezik arreta ona eskaintzen ere jakin behar da?
Bai, alaitasuna, umore ona… osagai inportanteak dira. Gainera, jendea ondo portatzen da nigaz. Esaten didate urteak aurrera joan ahala ez naizela zahartzen, betiko moduan nagoela, ondo mantentzen naizela… Ez dakit egia den, baina horrelakoak entzutea gustagarria da.

Zu zaudenean entzuten den musika zeuk aukeratzen duzu?
Bai, bai. Badaude CD orokor batzuk musikagaz, baina nik neure uztakoa ekartzen dut. Nire sasoi bateko musika gustatzen zait eta horixe ipintzen dut, euskaraz zein gaztelaniaz. Jose Luis Perales, El Consorcio  eta horrelakoak gustatzen zaizkit. Denerik ipintzen dut, gaztelaniaz eta euskaraz.

Erosleek begiratzen diote txarteleko zenbakiari?
Bai, batzuek zenbaki konkretu batzuetan amaitutako txartelak erosi gura izaten dituzte. Ni elkarren segidakoak erosi ditzatela konbentzitzen ahalegintzen naiz. Egunaren amaieran kontuak garbi izatea komeni da eta hemendik zenbaki bat eta handik beste bat saltzen hasten bazara nahasmena da guretzat. Gainera, beti esaten diet: "Egon dira saria bertan utzi dutenak egokitzen zen zenbakia barik beste bat eramatearren!". Azken batean, edozein zenbaki irten daiteke.

Zozketaren lehenengo alditik hona asko aldatu dira gauzak?
Hasieran, postua egurrezko barraka baten modukoa zen. Apurka hondatzen joan zen. Oraingo postu honek hamar urte daramatza eta oso ondo dago. Bestela, urtero antzerakoa da. Aurtengo gauza diferente bat da ume gutxiago dabilela inguruan. Jende pilaketak eragozteko telebistak itzalita ditugunez ume gutxiago batzen da postuaren ondoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!