“Beti topatu dut bidea musikagaz lotura mantentzeko”

Anboto 2020ko abe. 20a, 10:00

Durangoko domekeroko saloian hasi zuen gitarragaz duen hartu-emana  Karmelo Sarrionandiak, 15 urtegaz. Oraindino bizirik dirau loturak. Elgoibarren musika klasikoa ikasi zuen; eta Bilbon musika modernoa, Karlos Zubiaga (Mocedades eta El Consorcioko kidea) irakasle zuela. Etapa hori amaituta, autodidakta izan dela aitortu du Karmelo Sarrionandiak. Balloni&Combo taldeagaz hainbat dantzalekutan jotakoa da. 1973ra arte jo zuen taldeak.

Europako hainbat herrialdetan ibili zinen Ballini &Combo taldeagaz.
Frantziara, Ingalaterrara, Suediara eta Errusiara ere heldu ginen. Bilboko Aznar ontzi-enpresagaz hainbat bidaia egin genuen. Barkuko orkestra ginen. 19 urte nituen taldea sortu zenean. Ballini&Combogaz Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat dantzalekutan jo genuen, Kantabrian eta Burgosen (Gaztela-Leon) ere bai, garai hartako lehen mailako artistekin: Karina, Rocio Jurado, Raphael, Mari Trini, Mocedades….

Zelan gogoratzen duzu sasoi hori?
Pozez gogoratzen dut esperientzia hura. Maila hartako artistekin jotzeko eta eurekin aurrez aurre egoteko aukera izan nuelako. Pelikula batean ere irten genuen, Jose Luis Lopez Vazquez eta Gracita Moralesen horietariko batean. Peretegaz ere jo genuen orkestra moduan, eta Formula V taldeagaz. 1973an desegin zen taldea. Gauzak aldatzen hasi ziren: ez zituzten orkestrak eramaten, diskoak ipintzen zituzten dantzalekuetan... Eta traktoreak egiten zituen enpresa batean hasi nintzen lanean.

Musika baztertu behar izan zenuen.
Ez. Garai hartan, Gontzal Mendibilegaz eta Xeberrigaz lan  egin nuen. Hiruzpalau urtean aritu nintzen eurekin. Gero, eskolak ematen hasi nintzen. Bestalde, orain 15 urte Irrintzi taldea sortu genuen eta plazarik plaza ibili gara, orain gutxira arte. Bilboko Udalak antolatutako Bilbainada lehiaketan ere parte hartu dugu urteetan. Hiru urteko impasse txiki batean gaude, taldekide baten osasun arazoengaitik.

Musika irakasten jarraitzen duzu. Hainbat belaunaldiri erakutsi diozu.
Bai, badira 50 urte gitarra jotzen irakasten hasi nintzela. Teknologia berriek eragin handia izan dute. Sarean material mordoa dago eta apur bat zolia izanez gero edozeinek ikasi dezake gitarra jotzen, eskolarik hartu barik. Musika estiloak ere asko aldatu dira. Musikari lez egokitzen joan behar izan dugu. Inoiz ere ez nuen pentsatuko Bilbainadak jotzen amaituko nuenik.

Zenbat instrumentu jotzen dituzu?
Gitarra elektrikoa zein klasikoa, bandurria, baxua, tronboia eta tronpeta. Dudarik barik, gitarra aukeratuko nuke denetatik.

Ez duzu inoiz ere baztertu musika. Zer da zuretzat musika?
Dena. Beti topatu dut bidea musikagaz lotura mantentzeko, egokitzen joan naiz. Musikari lez, oholtzan edo erakusten. Orain, hiruzpalau pertsonari erakusten diet gitarra jotzen. Ondo datorkit jotzen jarraitzeko eta eskua ez galtzeko. Nire zaletasuna mantentzeko era da. Ia 80 urte dituen ikasle bat dut; beste hiru 40tik 70 urtera bitartekoak.

Musika talde bat?
Sasoi batekoen artean, El trio calaveras. Modernoagoa, The Beatles.

Abesti bat?
Stairway to heaven (Led Zeppelin) edo Yesterday (The Beatles).

Izan duzu inoiz musika alde batera uzteko asmorik?
Ez. Inoiz ere ez dut pentsatu musika uztea. Gitarra jotzen jarraituko dut ahal dudan bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!