Durangoko Udalak 2021eko aurrekontuetako proposamena aurkeztu du gaur. 33.872.080 euroko aurrekontua izango du guztira, eta, aurreikuspenen arabera gizarte arlora bideratuko ditu kopuru horretako 4.487.021 euro. Badirudi udalaren proposamenak testuinguru sozioekonomikoa dutela oinarri. "Egoera zaila ikusita", gobernu taldeak "hirigintzako inbertsioetarako partida murriztea erabaki du partida sozialak indartzeko". "Gobernu talde honen lehentasuna argia da: durangarrak zaindu behar ditugu, eta hori arlo sozialera diru gehiago bideratzean datza. Horrelako krisi baten aurrean, non diru-sarrera gutxiago ditugun eta aurrekontua murriztu behar dugun, gure bizilagunen ongizatea lehenetsi behar dugu beste ezeren gainetik", esan du gobernu taldeak.
Aurrekontu proposamena ilustratzeko hainbat adibide ipini ditu udalak. Gizarte Ekintzara, adibidez, 923.341 euro bideratuko ditu, "aurreko urtean baino %4 gehiago". Bultzatuko liratekeen beste neurrietako batzuk Taxilagun zerbitzua, Berdintasun arloa edo Nagusien arloa lirateke. Berdintasun arloak, adibidez, "%9 egingo du gora" aurtengo aurrekontuekin alderatuta (360.190 euro). Pertsona Nagusien arloagaz ere, berdin. %10 igoko da diru partida, (577.590 euro). Jaitsiko diren partiden artean goi-kargudunentzako partida %8 jaistea aurreikusi du.
Udalak momentuz eskuartean duena proposamena da. Abenduaren 23an egitekoa den osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte aurrekontuak, udalbatzako lau talde politiko guztiek.
Aurrekontu proposamena, zenbakitan (adibide batzuk)
- Tokiko merkataritzarako eta ostalaritzako laguntzak ia bikoiztea aurreikusi du udalak. %97 gehiago. 179.000 euroko partida, guztira.
- Inbertsio nagusietako bat: Aramotz Berritu. 742.000 euro bideratuko ditu horretara.
- Skate park bat egiteko 200.000 euro
- Tabirako igerilekuak birmoldatzeko, 54.000 euro.
- 35.000 euro umeen jolas parkeak hobetzeko.
- 30.000 euro auditoretza energetikoak egiteko
- 24.500 Murueta Torre baserriko eta Errotaritxuena gizarte etxeko proiektuak idazteko.