"Auzoari bizitasuna emateko eta auzokideak animatzeko" helburuz. Durangoko Muruetatorre auzo elkarteak Gabonetako balkoien lehiaketa antolatu du. Bertan parte hartu gura duten auzotarrek nahikoa izango dute balkoia apaintzeagaz. Hori bai, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte izan beharko dute balkoia apainduta, aipatutako bi egun horiek barne. Epaimahaia elkarteko komisioko kideek osatuko dute. "Kolore eta originaltasun irizpideekin" kalifikatuko dutela aurreratu dute.
Elkarteak hiru sari banatuko ditu: Gabonetako produktuen saski bat, Mimo´s ile-apaindegian baliatzeko 50 euroko bonua eta Amalur tabernako hamaiketako bat. Urtarrilaren 7an jakinaraziko dute zeintzuk diren balkoi irabazlek, horiei, tinbrez deituta edo modu pertsonalean jakinarazita.