Plaza bete kulturzale Platerueneko sarreren bila

Anboto 2020ko abe. 14a, 20:08

Zilar Hautsak Platerueneko agur ekitaldien sarrerak gaur arratsaldean jarri dituzte salgai. Kafe antzokiko ehunka bazkide sarrera bila joan dira. Pareak Bai kantaldiko sarrerak ordu erdian agortu dira. Anarirenak ere berehala amaitu dira.

Plateruenaren proiektua behar den bezala agurtzeko ekitaldiak antolatu dituzte: Zilar Hautsak. Kultur eskaintzak erantzun bikaina izan du bazkideen artean. Aforo mugatua izanda, bazkideek ilara luzea egin dute sarrerak hartzeko. Ilarak plaza osoa inguratzen zuen. 18:00etan zabaldu dute takila, baina lehenagotik ere bazegoen jendea zain. Abenduaren 29ko Pareak Bai kantaldiak izan du arrakastarik handiena. Sarrerak ordu erdian agortu dira (Gari & Josu Hertzainak, Aiora & Piti Zea Mays, Imanol & Joni Bide Ertzean, Jokin & Iñaki Sei Urte eta Leire Bilbao, Peru Magdalena eta Gotzon Barandiaran). Bikote hauek batuko dituen kontzertuak merezi zuen hainbeste. Anarirenak ere berehala amaitu dira, eta horren ostean Alegrantziaren bermutekoak. Familientzako ipuin kontalarirako sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!