“Egoera hobetzen denean, futboleko atezainen eskola bat sortu gura dut”

Joseba Derteano 2020ko abe. 13a, 10:00

Ezkerraldeko eta Bilboko futbol klubetako makina bat atezain entrenatutakoa da Andres Leria De La Calle. Orain hiru urte Durangora bizitzen etorri zen santurtziarra eta gaur egun Abadiño, Elorrio eta Zaldua klubetako atezainen ardura du; baita Biak Bat klubeko umeena ere.

Entrenatzaileen eskola sortzea zure amets bat gauzatzea da?
Egia esanda, bai. Aspalditik egin gura dudan zerbait da. Nire helburua ez da dirua egitea, ez dut hortik bizimodurik atera gura. Eragingo lituzkeen gastuak kubrituko balitu, pozik nengoke. Nire motibazioa beste bat da: irakasteak eragiten didan ilusioa.

Non sortuko duzu?
Zaldibarko Zaldua klubekoei nire asmoa komentatu nienean, euren zelaia eskaini zidaten. Izan ere, horrelako eskola bat sortzerakoan, sarritan espazio falta traba handia izaten da. Klubek, batez ere herri handietakoek, talde asko dituzte eta zelai bakarra. Ez dago espazio nahikorik. Zaldibarren, ostera, posible da eta erraztasunak eskaini dizkidate.

Noiz sortuko duzu?
Abendu amaieran atezainen kanpus bat antolatu gura nuen Zaldibarren, eta kanpus hori proiektu berria jakitera emateko abiapuntua izatea gura nuen. Egoera zein den ikusita ez dakit antolatu ahalko dudan. Kolokan dago. Eskola datorren urte hasieran abiatu gura nuke.

Bizkaian atezainen eskola asko dago?
Traparango Zugaztieta auzoan dago bat eta, nik dakidala, Bizkaian ez dago besterik. Durangaldekoa bigarrena litzateke.

Durangaldeko hainbat taldetan zabiltza. Zelakoa da eskualdeko atezainen maila?
Ona. Urte asko eman dut Ezkerraldean eta Bilbo erdigunean atezainak entrenatzen eta, egia esanda, Durangaldean maila oneko atezainak ikusten ditut, gizonak zein emakumeak. Lan egiteko oinarri ona da.

Elorrioko emakumeen liga jokatzen ari dira, Euskal Ligan dabiltzalako. Baina Abadiñoko eta Zalduako gizonen ligak geldi daude. Jokalarien garapenean atzerapauso bat eman daitekeela uste duzu?
Batzuen kasuan, bai. Etxean egin daitekeena ezin daiteke konparatu zelaiko aurrez aurreko entrenamenduekin. Umeen kasuan, haur kategoriatik kadeetarako bidean daudenei eragingo die kalterik handiena. Bueltan kostatuko zaie.

Egoera ikusita, entrenatzeko modua aldatu beharko duzu?
Aldatu ez, baina aurretik egindako bidean apur bat atzerantz egin beharko dugu eta ariketa berritzaile batzuk prestatzen nabil. Entrenatzaileok ere egoerara moldatu behar dugu, geure burua birziklatzeko gaitasuna erakutsi beharko dugu.

Hori, bueltatzen badira. Baina bueltatzen ez badira? Umeen kasuan batez ere, ohiturak aldatu badituzte…
Gertatu daiteke, baina une honetan esku artean ditudan datuak itxaropentsuak dira. Esaterako, Abadiñon harrobiko zein talde federatuetako atezainak eramaten ditut eta, oraingoz, 38 atezainetatik batek bakarrik utzi du. Azaro hasieran, eskola kirola baimenduta egon zen aste bakar hartan, ume guztiak bueltatu ziren. Beraz, baikorra naiz.

Umeen kasuan, non dago lehia eta jolasa bereizten dituen marra?
Umeekin jolasa da behinena. Adin horietan ezin duzu exijitu, jolasen bitartez ahalegintzen naiz fundamentuak irakasten: zelan blokeatu baloia, zelan bota lurrera… Eta ez dira txikikeriak. Oinarritik hasi beharra dago etxea eraikitzen, eta, atezainen kasuan, arlo horretako adituek eskema bategaz lan egiten dute. Klub askok ez dute atezainen entrenatzailerik. Gertatu izan zait, klub batzuetara lanera joan, atezainei oinarri-oinarrizko ariketak agindu eta zelan egin ez jakitea.

Gazteagotan atezaina zinela, Bigarren B Mailan jokatu zenuen, Santurtzigaz, 1992tik 1994ra. Zelan aldatu da atezainen figura 25 urtean?
Goitik behera aldatu da. Lurrezko edo lupeztutako zelaietan eta harria baino gogorragoak ziren baloiekin jokatzen zen orduan. Hauxe esaten diet gaur egungo atezainei: "Orduan jaio bazinate, ez zineten atezainak izango".

Atezain batek behar dituen dohainen artean, zein da hobetzeko gatxena?
Atzerantz egin beharreko mugimenduak. Esaterako, baloiak atezaina goitik gainditu duenean eta denbora tarte txikian atzerantz egin behar duenean. Oso mugimendu mota konplikatua da eta entrenamendu espezifikoak eskatzen ditu.

Zure talderako, zer duzu gurago: ate azpian erreflexu arinak dituen atezain txikia ala aireko jokoan segurua den garaia?
Erreflexu arinak dituena. Atezain batek ez du zertan garaia izan aireko joko segurua izateko. Juanjo Valencia, Athleticeko atezain ohia, ez zen oso garaia, baina inork baino gehiago saltatzen zuen eta oso segurua zen aireko jokoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!