Hondakin txikiak gaika batzeko edukiontziak ipini dituzte Durangon

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 10a, 14:20

Durangoko Udalak bost  "Garbigune txiki" ipini ditu herrian zehar sakabanatuta. Informatikari edo elektronikari lotutako hondakin txikiak batuko dituzte bertan, gaika. 

Hondakin txikiak sailka batzeko bost puntu atondu ditu Durangoko Udalak.Inprimagailu kartutxoak, pilak, bateria txikiak, CDak, DVDak, kontsumo baxuko bonbillak eta hondakin elektroniko txikiak bota ahalko dira horietara. Udalak honako toki hauetan ipini ditu Garbigune txikiak: San Fausto auzoan (Bernardo Gabiola kalearen eta Zirarmendieta kaleek bat egiten duten tokian), Landako Gunean, Askatasun Etorbidean (Herria tabernaren ondoan), Zumalakarregi kalean eta Tabiran (Ibaizabal ikastolaren ondoan) ipini ditu.

Udalak azaldu du hondakinen birziklapena erraztu gura duela. "Erraztasunak jarri nahi ditugu hain ohikoak ez diren hondakinekin ere", azaldu dute udal arduradunek. Garbigune txikiena ez da udala birziklatze tasa handitzeko asmoz egiten ari ekintza bakarra. Urtea hasi zenetik 100 edukiontzi marroi ipini ditu herrian, hondakin organikoak batzeko. Gainera, "Alde Zaharreko hondakinen bilketa hobetu da isla mugikorren bidez, DAZ auzo-elkartearen eta komertziarien ekarpenekin", esan du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!