"Hunkituta gaude kulturzaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa". Abenduaren 4tik 8ra bitartean 7.800 erosketa egin dira Durangoko Azokaren denda digitalean Arantza Atutxa Gerediagako kudeatzailearen berbetan. "Asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta disketxetako kideak gerturatu behar izan dira produktu gehiago ekartzera". Hain zuzen ere, Landako Guneko biltegian lanean jarraituko dute hurrengo egunetan, jasotako eskari kopurua dela eta. "Guztira, 27.758 produktu erosi dira, eta erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, batazbeste", gehitu du Atutxak. Denda digitalak 147.000 bisita jaso ditu.
Plaza digitala
Denda digitalaz gainera, ezohiko Durangoko Azoka honetan bi izan dira gune nagusiak, Landako Gunea eta Plateruena. 100 kultur jarduera egin dira bertan, eta horiek streaming bidez jarraitu ahal izan dira Durangoko Azokaren webgunean. Gerediagaren arabera, 43.500 lagunek jarraitu dituzte ekitaldi hauek streaming bidez, eta Mexikotik, Argentinatik edota AEBtatik ere konektatu direla azpimarratu gura izan dute.
'Zu non, han DA!' egitasmoren baitan, zortzi udalerritan kontzertuak antolatu dituzte. Horiek, eta Durangoko Azokako egitarauko ekimenak kontutan hartuta, 5.800 lagunek parte hartu dute aurrez aurreko ekitaldietan. Publikoak edukitako jarrera "txalogarria" azpimarratu dute Gerediaga elkartetik. "Argi geratu da kultura segurua dela eta egoera zail honetan ere kulturaz gozatzen jarrai dezakegula", gehitu du Atutxak.
141 liburudendatan
Durangoko Azokaren 55.edizioa atzo amaitu bazen ere, 'Zu non, han DA!' egitasmoaren bigarren adarrari esker, Euskal Herriko 141 liburudendatan denda digitalean egon diren produktuak erosteko aukera egongo da urtarrilaren 8ra arte. "Bost egunez, euskal kultura bor-borka ikusi eta sentitu dugu, baina hau ez da nahikoa euskal kultura bizirik mantentzeko. Kultura behar dugulako kulturak behar gaitu; beraz, jarrai dezagun euskal kultura gozatzen eta kontsumitzen, liburudenda, antzoki, areto eta zinemetan. Taupada kolektibo hau ez dadila hemen eten", amaitu du Nerea Mujikak.