ETBk Durangotik emitituko ditu urte amaierako kanpaiak

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 16a, 20:38

ETBk Durangotik emitituko du urte amaierako kanpaien saioa, zuzenean. Andra Mariaren elizako erlojua Euskal Herriko etxe guztietan egongo da ikusgai, eta haren orratzek markatuko dute urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emateko tartea.

Euskal Telebistako Zuhaitz Gurrutxaga, Mikel Pagadizabal eta Sara Gandara aurkezleek Durangotik eskainiko dute urte amaierako kanpaien saioa, zuzenean. Andra Mariaren elizatik gertu kokatuko dute zuzeneko emankizunerako set-a, etxebizitza-sabai baten gainaldean. Aurkezleek, Andra Mariaren elizako erlojua izango dute atzean, eta haren orratzek markatuko dute urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emateko tartea.

Durangarrak 'Herritxiki' saioan

Zuzeneko konexioa baino lehen, Herri txiki, infernu handi saioaren atal berezia eskainiko du Euskal Telebistak. Bertan, Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadizabalen ohiko aldrebeskeriak agertuko dira. Bi aurkezleak Durangoko kaleetan ibiliko dira herritarrak ezagutzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!