Ernairen ustez "inoiz baino garrantzitsuagoa" da Euskal Errepublikaren aldeko urratsak ematen jarraitzea

Anboto 2020ko abe. 6a, 19:23

Gaurko ekitaldiko irudia Durangon, Andra Mariko elizpean.

Gaur, abenduaren 6a, Konstituzioaren eguna da eta Ernaik kontzentrazioa burutu du Durangon 'Abenduak 6, Ezer ez ospatzeko' lelopean.

Erregimenaren oinarriak "kolokan" daude "inoiz baino gehiago", ohar batean azaldu dutenez. "Badakigu nondik bultza egin katebegirik ahulenaren aurrean Euskal Errepublikaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko. Gazteok ez dugu 78ko erregimena onartzen".

Ernairen ustez orain "inoiz baino garrantzitsuagoa" da norabide horretan "bultza" egitea. "Bizitzak eta osasuna erdigunean jartzeko eredu sozial eta ekonomiko berri baten beharra agerikoa den moduan, are argiago dago eredu horretarako baldintza oinarrizkoena burujabetza dela. Euskal Herriak Euskal Errepublikaren aterkipean eraikiko duen eredu sozial, politiko eta ekonomiko berria izango da geure bizitzen berme", azaldu dute.

"Geroa eraikitzen eta, Independentzia, Sozialismoa eta Feminismora bidea egiten" jarraitzen asmoa erakutsi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!