Umeen begiradatik sortutako 'Bañolet' telesailak irabazi du Durangoko Azokako sormen beka

Anboto 2020ko abe. 6a, 11:22

Epaimahaiko kideak, Durangoko Udaleko ordezkariak eta Gerediaga Elkartekoak Durangoko zinemako areto batean gaur egin den aurkezpenean. Proiektuaren irabazleek ezin izan dute bertaratu eta euren ordezkari batek jaso du saria.

Nafarroa Behereako hainbat familiak parte hartuko dute lau kapitulu izango dituen telesailean.

Gaur egin da hirugarren sormen bekaren irabazleak iragartzeko prentsaurrekoa eta 'Bañolet' telesailak irabazi du 15.000 euroko laguntza. Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) lau kapituluko telesaila sortuko dute, Nafarroa Behereako hainbat familiaren parte-hartzearekin. 2021eko Azokan aurkeztuko dute telesaila.

Epaimahaiko kidea izan den Amancay Gaztañagak 'Bañolet' proiektua aukeratzeko arrazoiak eman ditu. "Alde batetik, aurkezten duen planteamendu berritzaileagatik, non herri oso baten dinamikan eragina izango duen. Beste aldetik, irudia eta hizkuntza musikala parekotasunean landuko dituen proiektu bat izango delako. Baita, haurren gogoetak erreferentetzat hartuz, herriko bizitzari begiratu nahi dion proiektua delako eta formatua gaur eguneko joeretan uztartzen delako".

Irabazleek ez dute sari banaketara bertaratzerik izan, baina bideo batean euren esker ona adierazi dute. Halaber, Maia Iribarnek telesailaren nondik norakoak azaldu ditu. "Neska gazte baten eta bere lagun taldearen abenturak kontatuko ditugu. Azkenean, haur talde horren istorioaren bidez, berriki berkonkistatua izan den Bañolet herri berezia deskubrituko dugu: hango biztanleak, hango bizimolde berriak, harremantzeko modu desberdinak... Istorio horren bitartez gai desberdinak zeharkatu nahiko genituzke: besteak beste, kolonialismoa, nazio identitatea edo eta haurtzarotik helduarorako bidea". 

Bekaren aurkezpenean izan dira Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Ima Garrastatxu eta Durangoko alkateorde Julian Rios, besteak beste. Durangoko Udalak diruz lagundutako bekaren inguruan jardun du Garrastatxuk. "Sortzaile berriek bultzada bat behar dute. Horregatik, garrantzitsua da erakunde publikoetatik babesa ematea. Gauzak horrela, Durangoko Udalak sortzaile berriak lagundu nahi ditu, beraien proiektuak aurrera ateratzeko asmoz", azaldu du.

Maia Iribarne telesailari buruzko azalpenak ematen:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!