Agintariak jo dituzte bizi duten "egoera prekarioaren" arduradun. "Langileok biziki sufritzen ditugu erakunde guztien interes faltaren eta kudeaketa txarraren murrizketak eta ondorioak. Krisialdi gogorretan nabaritzen dira egiturazko arazoak, eta ikusten dugu gehiago arduratzen direla proiektu eta azpiegitura handiak mantentzeaz familia bakoitza hilabetearen amaierara iritsiko dela ziurtatzeaz baino". Teknikariok sindikatuaren arabera, sektorearen berraktibazio planak kultur jardueren %15 baino ez du jarri martxan, eta 2021erako aurreikuspenak ere "eskasak" dira. Horrez gainera, administrazio publikotik sektorea osatzen duten langileei iritsi zaizkien laguntzak "urriak eta gaizki diseinaturikoak" direla adierazi dute. "Euskal Autonomi Erkidegoko hiru teknikarik baino ez dute jaso Kulturako langile guztientzako 2.500.000 euroko laguntza espezifikoa zena" salatu dute. "Inoizko udarik kulturalena izan dela saldu dute, baina kontratazioa %80 jaitsi da. Ziurgabetasuna orokorra da sektorean. Ekitaldi eta ikuskizunetako langileen %60 ez dabil lanean".
Goizeko agerraldian, Plateruenaren itxiera "agintarien utzikeriaren adibide" bezala definitu dute. "Nork egingo du desagertu ondoren kultur industria sortzeko ahalegina? Utzikeria horren biktimak ezin gara gu izan, industria horri eta haren familiei bizia ematen diegun pertsonak, alegia". Erreskate plan bat egiteko deia egin dute, eta egoera konpondu bitartean protestekin jarraituko dutela adierazi dute.