100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dituzte Durangoko Azokan

Aritz Maldonado 2020ko abe. 4a, 09:15

Ezohiko azokak ateak zabalduko ditu gaur. Euskal kulturaren taupadak etenik ez izatea dute helburu. Aurten ez da posible izango Durangoko kaleak euskaltzalez beteta ikustea, baina horrek ez du esan gura euskal kultura euskaltzaleen etxeetara helduko ez denik. Aurten 2.300 produktu baino gehiago egongo dira salgai Durangoko Azokaren sareko dendan, durangokoazoka.eus atarian. Horietariko 852 nobedadeak izango dira. Emanaldietarako erreserbak ere atari horretan egin behar dira.

Orain arte, desioen saskia betetzeko aukera eskaini dute webgunean. Gaurtik aurrera, aukeratutakoaren bitartez desioen saski hori errealitate bihurtuko du erosleak.

Aurtengo Durangoko Azokak gune bi izango ditu denda digitalaz gainera. Plateruenean diskoen aurkezpenak egingo dituzte. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Gatibu, Mikel Urdangarin, Zetak eta Kohatu talde berriztarra. Gainerako kultur ekitaldiak Landako Gunean egingo dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute Azokan: Uxue Alberdik, Bernardo Atxagak, Jakoba Errekondok eta Andoni Olariagak. Kultur ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahalko dira, Azokaren webgunean.

55. Durangoko Azokak Ikasle Goizagaz zabalduko du astea, gaur. Arratsaldean, "Azokako lehenengo taupaDA!" ekitaldia egingo da, eta, besteak beste, Bagara dantza kolektibo durangarrak parte hartuko du bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!