COVID-19ak gizarteko arlo asko astindu ditu eta Geu Be-ko kideak ere birusaren ondorioak pairatzen ari dira, elkarteko gazteek sozializatzeko erabiltzen zituzten ekimen asko bertan behera utzi behar izan dituztelako. "Koronabirusak asko kolpatu gaitu. Askorentzat Geu Be da elkartzeko eta euren bizitza elkarbanatzeko gune bakarra eta gatxa izaten ari da bai familientzat eta bai gazte askorentzat", onartu du Geu Be elkarteko Julen Bengoak.
Hala ere, alternatibak bilatzen saiatu dira. "Ezin dugula Donostira egunpasa joan? Bada, Durangon, bertako tokiren batera joaten gara". Gaur ere ez dute alperrik galdu euren eguna aldarrikatzeko aukera. "Gure eguna da eta ozen esan gura dugu beste edonork beste eskubide ditugula. Behar bereziak ditugu, bai, eta erakundeak prest egon behar dira behar berezi horiei erantzuteko. Hori da guretzako gizarte inklusibo eta solidario bat", azaldu du Bengoak.