"2020an luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gintuen", azaldu du Jabi Asurmendik, Udalbiltzako presidenteak. Askotariko eragileekin batu ostean mamitu dute egitasmo berria.
Euskal sortzaileen euskarazko sorkuntza sustatzea da helburua, txarra zen egoera okertu egin duelako COVID-19ak. "Egoera larria da eta euskal kulturak eta arteak inoiz baino gehiago behar du hauspoa", azaldu du Koro Etxeberria Hernaniko kultur zinegotziak eta Udalbiltzako hautetsiak.
'Geuretik Sortuak' kultur proiektuan udalerriak aliatu izango dituzte. Lurraldetasun orekari, tamainari eta aniztasunari erreparatuta, Udalbiltzak 25-30 herri aukeratu ditu eta eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta eszenatoki. Durango da herri horietako bat.
Beraz, herriak izango dira sormen lanen kokalekuak. Protagonistak, berriz, deialdi bidez aukeratuko diren 25 bat kulturgile edo talde dira, zehazki, literatura, zinemagintza eta antzerkigintza arlokoak. Kulturgile hasiberrientzako zein esperientzia dutenentzako irekita egongo da. Herrietan egonaldiak egingo dituzte, eta egonaldi horietatik herri bakoitzaren historiatik eta errealitatetik abiatutako lanak sortuko dira.
'Geuretik Sortuak' lau fasetan gauzatuko da:
1. FASEA
Orain lantzen ari diren fasea da, urtea amaitu artekoa. Herriekin elkarlanak bilatzen dabiltza. Baliteke herri gehiago batzea aurrerago.
2. FASEA
2021eko lehenengo erdian gauzatuko da. Udalbiltzak deialdi publiko bat aterako du kulturgileak aukeratzeko. Behin kulturgile bakoitza herri edo herri multzo bati esleitu zaionean, egonaldiak gauzatuko dituzte herri horietan. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horietan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan.
3. FASEA
Hedapenari dagokio eta 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat.
Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.
4. FASEA
Proiektuaren balorazioa egingo dute.