Durangoko goi-mailako kirolariek zabalik dute diru laguntzak eskatzeko epea

Anboto 2020ko abe. 2a, 10:27

Durangoko Udalak 9.000 euroko diru partida kaleratu du herriko goi mailako kirolarien federazio gastuak eta bestelako zerbitzuak estaltzeko. Laguntzak eskatzeko epea abenduaren 9ra arte dago zabalik. Bakoitzak 1.000 euro jaso ahalko ditu, gehienez.

Durangoko Udalak goi mailako kirolariak laguntzeko diru-partida aktibatu du. Orain arte, laguntza guztiak elkarteetara bideratu izan direla, baina aurrerantzean, "modu indibidualean elitean lehiatzen diren kirolariei ere sustengu bat eskainiko diela" azaldu du udalak. Diru laguntzak 9.000 eurokoak izango dira eta abenduaren 9ra arteko epea egongo da eskariak egiteko. Kirolari bakoitzak, gehienez, 1.000 euro jasoko ditu. Federazio gastuak, nazio edo nazioarteko lehiaketen izen-emateak, joan-etorriak, materiala eta osasun azterketak zein fisioterapia gastuak estaltzeko balioko dute.

Onuradun izateko, betekizun hauek bete beharko dituzte kirolariak:

  • Espainiako txapeldun edo txapeldunorde izatea 2019 edo 2020an edo lehenengoa izatea nazio mailako ranking-ean.
  • Europako 12 lehenengoen artean geratu izana 2019 edo 2020an.
  • Munduko txapelketan lehenengo 15en artean geratu izana 2019 edo 2020an.

Udalaren esanetan, honakoa da goi mailako kirolarientzat diru laguntzak kaleratzen diren lehen aldia. “Askotan diru laguntza horietatik kanpo geratzen dira modu indibidualean lehiatzen diren kirolariak eta nazioarte mailako lehiaketetara doazenak, horrek dakarren gastuarekin. Gainera, Durangoren izena ere zabaltzen dute lehiaketa horietan”, adierazi du Julian Rios alkateorde eta Kirol arloko arduradunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!