Durangoko Udalak txapliguen erabilera arautzeko protokolo bat landu du. Zerrenda bat zabalduko du gaixotasun edo gaitz ezberdinengatik suziriekin sufritzen dutenekin zuzenean harremanetan jarri asmoz. Modu horretan, herriko jaiak edo auzoetako jaiak ospatzen diren aldiro, udaleko bulego teknikoko kideak harremanetan ipiniko dira zerrenda horretan izena eman duten herritarrekin. "Jakin badakigu hainbat durangarrek benetazko arazoak dituztela txapliguekin: itsuek eta beren txakurrek edota autismoa daukatenek, esaterako. Protokolo honen bitartez, beraiekin harremanetan jarri nahi dugu, beraientzat mesedegarria izan dadin”, adierazi dute udal gobernu taldeko kideek. Zerrendan izena emateko, bulegoteknikoa@durango.eus helbidera idatzi beharko dute.
Ordutegia
12:00etatik 13:30etara eta 19:00etatik 20:30etara bitartean bota ahalko dira txapliguak, izan Durangoko Udalak antolatutako ekitaldiren batean, edo bestelako eragileren batek antolatutako ekitaldiren batean. "Egun berezietan" ordutegieak salbuetsita gelditu daitezkeela gaineratu du udalak.
Iazko jaietan, ‘Zaratarik Gabeko Eguna’ antolatu zuen udalak, lehen aldiz, "autismodun umeek ere barraketaz goza zezaten".