Okupazioaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur Durangon

Anboto 2020ko aza. 28a, 15:18

Dozenaka lagun batu dira gaur eguerdian Durangon egin duten elkarretartzean. Bertan batutako kideek etxebizitza oinarrizko eskubide bat dela eta baita oinarrizko behar bat azpimarratu dute. 

"Egun herritar askok batez besteko soldataren erdia baino gehiago etxebizitza bat eskuratzeko edo alokaiurako erabiltzen dute. Ez dezagun ahaztu bizi ahal izateko etxe bat izatea eskubide bat baino gehiago dela, duintasun kontua dela. Oinarrizko beharra da. Etxebizitzen alokairuak eskuraezinak dira biztanleriaren sektore handi batentzat", adierazi dute elkarretaratzean batutakoak. 

Arrazoi horrengatik eta beste askorengatik beraiek okupazioaren alde egiten dutela nabarmendu dute. "Guk okupazioaren alde egitea aukeratzen dugu. Okupazioa espazioak, bizikidetza, sorkuntza eta elkartasuna berreskuratzeko tresna bat da. Tailerrak, hitzaldiak, liburutegiak, gimnasioak, baratzeak, kontzertuak, herrien okupazioa eta hainbat eta hainbat proiektu eta jarduera jendarte-kontzientziaren izozmendiaren punta baino ez dira", azaldu dute.

Horrez gain, Durangaldean hutsik dauden tokiak "asko" direla eta, bitartean, kalean bizi den, bizitza aurrera eramateko zailtasunak dituzten eta gurasoen etxetik independizatzeko aukera urriak dituzten pertsonen kopuruak gora egiten duela salatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!