"Hilabetean obra bera antzeztu ahal izatea sekulakoa da, antzezlanari hazten laguntzen dio eta"

Aritz Maldonado 2020ko aza. 29a, 10:20

Aitor Echarte durangarrak pasioz bizi du antzerkigintza, eta horrela berba egiten du egun bere ofizioa denaz. Gazte Konpainiako kidea da 2019tik hona, eta 'Ubú, rey de las finanzas' obrarako castingean aukeratu zuten. Pabilioi 6k ipini zuen martxan Gazte Konpainia, 2015ean, gazteei antzerkigintza profesionalera hurbiltzen laguntzeko asmoagaz. Udaberrian, baina, behin proiektua egonkortuta, euren kabuz jarraitzeko aukera eskaini diete konpainiako kideei. Erronka handiari tamainako ilusioagaz eutsi dio Echartek, beste hamahiru kidegaz batera.

Zelan doa konpainiaren fase berria?
Lan karga izugarriagaz. Lan mordoa dugu, baina ez gara kexatzen. Goizetan obra bat prestatzen egon gaitezke, arratsaldetan beste bat, eta eguenetik domekara hirugarren obra bat antzezten gaude. Astelehenetik domekara, 10:00etatik 22:00etara pabilioian egoten gara. Jakitun gara ez direla sasorik onenak, baina, hala ere, ea beldurrik ez dudan galdetzen didatenean ezetz erantzuten dut; nik dudana ilusioa da. Maiatzean ez neukan ezer. Eta bat-batean, aukera bat dugu, lan pilo bat sortzeko, leku bat entseatzeko eta gure lanak aurkezteko... Hilabetean obra bera antzeztu ahal izatea sekulakoa da, antzezlanari hazten laguntzen dio eta. Lehertuta gaude, baina oso pozik. Handitzen doan elur bola baten modukoa da Gazte Konpainia. Sei antzezle baino ezin dira kontratatu, eta aurtengo deialdira ehundik gora lagunek eman dute izena, pentsa!

Zu ere castingaren bitartez sartu zinen, ezta?
Bai, 60 bat lagun aurkeztu ginen, eta gero masterclass lako bat eduki genuen Andres Lima aktoreagaz. Asteburu batean izan zen eta hori izan zen castingaren amaierako fasea. Hortxe aukeratu ninduten. Bat-batean, aktore moduan lau hileko lan ordaindua nuen, sortze prozesu luze batean murgildu nintekeen eta Ramon Bareak zuzendu ninduen. Egundokoa izan zen ikustea obrak kolorea hartzen zuela eta hazten zihoala. Oficios entre bambalinaseko kideekin ere lan egin genuen, eta hor sortu zena ikaragarria iruditu zitzaidan. Atrezzoaz, ile apainketaz, makillajeaz eta azpiegituraz-eta arduratzen dira, besteak beste, eta sortze prozesuan parte hartzen dutenez, asko ikasten da hortik ere. Egoera duin batean lan egiterakoan, gainera, ikusten da zer egin daitekeen. Industria sortzeko pauso bat da hau, nola funtzionatu beharko lukeen ikusteko, eta sarea sortu eta handitzeko aukera ere bada. Behar bat dagoenean, behar hori egiten dakien jendeagaz lan eginda, beste dimentsio bat hartzen du proiektuak. Gazte Konpainian ez naiz arduratzen aktore lanagaz bakarrik, eta horrek mundu oso bat zabaldu dit parez pare. Eta hori oso polita da, hortik asko ikasi daiteke eta.

Zelakoa izan da oholtzara bueltatzea?
Itzela izan da. Obra bi egin ditugu jada, eta hirugarrena agendan dugu. Ubú, rey de las finanzas oso dinamikoa da, eta fisikoki paliza bat, baina lehenengo emanalditik igarri nuen estreinuko sentsazio hori. Sortze prozesuan bizitakoak etorri zitzaizkidan burura. Abenduaren 8ra arte egongo gara obra honegaz. Gero, konfinamenduari buruzko bategaz ibiliko gara. Itxialdia abiapuntu lez hartuko du, baina beste ikuspuntu batetik egin gura izan dugu. Testua irakurrita, oso obra ona izango delakoan gaude. Orain erronka geurea da, testuko guztia taulara eraman eta publikoak ulertzeko moduko lan bat egin gura dugu. Gure inguruan ikusmina sortzen dabil. Otsailera arte lan asko izango dut. Hau zoramena da, orain sei hilabete ez nuen lanik eta begira gaur egun!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!