Indarrak batuta, Dendak Baik eta Kurutziaga ikastolak Gabonetako zozketa antolatu dute elkarrekin

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 27a, 09:51

Dendak Baik eta Kurutziaga ikastolak indarrak batu dituzte. Ikastolak urtero-urtero loteriara bideratu izan duen dirua Durangoko dendetan trukatu ahal izateko erosketa-txartelen zozketara bideratuko du aurten.

Dendak Baik eta Kurutziaga ikastolak elkarlana hasi dute. Orain arte, ikastolan ohikoa izan da Gabonetako loteriaren partizipazioak banatzea bere komunitatean (familien eta ikastetxeko beharginen artean). Aurten, diru hori bestelako egitasmo bat egitera bideratzea erabaki dute. Dendak Bai merkatarien elkarteagaz batera zozketa berezi bat egingo du ikastolak. Eta Dendak Baik 2.000 euroko ekarpena egingo dio zozketa horri.

Honako sariak izango ditu zozketak:
1. Saria: 500€ erosketa txarteletan.
2. Sariak: 50 sari 100€-ko erosketa txarteletan.
3. Sariak: 50 sari 50€-ko erosketa txarteletan.

Zozketa abenduaren 15ean egingo da Kurutziaga ikastolaren urteko Batzar Nagusian. Bai Kurutziaga ikastolak eta bai Dendak Baik, elkarlanaren balioak azpimarratu dituzte: gertutasuna, konfiantza edo jasangarritasuna, adibidez. Elkarlan hau hemendik aurrera emango direnetatik lehenengo urratsa baino ez izatea espero dute alde biek. Dendak baik positibotzat jo du elkarlana. Ikastetxe batek horrelako proposamena egiten dion lehenengo aldia dela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!