Eneritz Furyak eta Natali taldea Platerueneko oholtzara igoko dira

Aritz Maldonado 2020ko aza. 27a, 09:47

Redstone Soluk zikloaren barruan, Eneritz Furyak abeslariak kontzertua eskainiko du bariku honetan Plateruenean. Musikari irundarrak ahots berezi eta pertsonala du eta modu honetara definitzen du bere burua: "Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa kantuetan". Eneritz Furyak eta Zaldi zuria / Maskara izeneko diskoak plazaratu ditu aurretik, eta lan berria kaleratzekotan da Furyak. 19:00etan hasiko da bere emanaldia.

Pop eta rock doinuetatik hurbilago dago Natali boskotea. Natali Izagirrek 2017an ipini zuen martxan proiektua, Estatu Batuetatik bueltatu eta gero; Ixak Arruti, Gorka Mendizabal, Andres Insua, eta Olaia Inziarte dira gainerako taldekideak. 2019an Garena lehenengo lan luzea kaleratu zuten eta bigarren lana izango dena prestatzen dabiltza orain. 19:00etan hasiko da kontzertua.

Hamabi urteko zikloari agur
Azaroaren 20an Jam Session saioa egin zen Plateruenean, azkena hamabi urteko elkarlanaren ondoren. "Kolpe izugarria da guretzat horrelako kulturgune batek ateak ixtea", azaldu dute antolatzaileek. 2008ko azaroaren 27an egin zen lehenengo Jam Session saioa Plateruenean. Osasun larrialdi egoeragaitik ezarritako neurrietara egokituta, jazz kutsuko saio hauek jendez lepo agurtu zuten kulturgunea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!