“Baheketetan aleatorioki topatu diren positiboek kontaktuen paradigma berraztertzeko aukera ematen digute”

Jone Guenetxea 2020ko aza. 27a, 09:30

Koronabirus sasoiotan, bada galdera zentral bat, oraindino erantzun zehatzik aurkitu ez zaiona. Non eta zelan kutsatzen gara? Informazio hori bilatu guran, EHUko talde batek, Ugo Mayor (Donostia, 1975, Ikerbasqueko ikerlaria ere bada) buru duela, ikerketa bat martxan ipini du Durangoko Udalagaz.

Durangoko baheketan parte hartu zuten positiboekin birusaren transmisioa ikertu gura izan duzue.
Baheketak egiterakoan, positibo askok ez zuten sintomarik eta ez ziren positibo baten kontaktuak. Horrek aukera paregabea ematen du atzera begirako arakatzea egiteko. Nor kutsatu dezaketen aztertu beharrean, nork kutsatu zituen jakin gura dugu. Beraz, pertsona hauek oso iturri baliagarriak dira kutsatzeak non eta nola gertatzen ari diren ulertzeko. Kutsatzeak gertatzen diren arlo batzuk ezagunak dira, baina ematen du askotan positibo askok ez dakitela nork kutsatu dituen.

Ikerketa hori zein fasetan dago?
Ikerketa martxan ipini genuenerako positiboek isolamendua amaituta zeukaten. Horrek zaildu egin du jendearen parte hartzea. Jendea isolatuta dagoen bitartean egitea litzateke egokiena. Beraz, portzentaje batek parte hartu du eta horien datuak aztertzen ari gara. Kopuruaren aldetik, ikerketa honetatik zaila izango da oso ondorio sendoak ateratzea, baina balioko digu beste baheketa batzuetan estrategia hobeto diseinatzeko pilotu modura.

Beste herri batzuetan ikerketa martxan ipini gura duzue?
Aukera paregabea litzateke. Aleatorioki topatu diren positibo horiek kontaktuaren paradigma berraztertzeko aukera ematen digute. Akaso gertatzen ari zaiguna da kontaktuaren definizioan galtzen ari zaizkigula kutsatze kateak. Hasieran kasuaren definizioa zen Txinatik etorri berria bazinen edo Txinatik etorri berria zen norbaitek sintomak bazituen, eta harekin kontaktua izan bazenuen. Hor asintomatikoen bitartez kutsatzeak gertatzen ari ziren. Eta komunitatean zabaltzen ari zenean, kasu askotan sintomen aldetik argi zegoen COVID-19a zela, baina kasuaren definizioa betetzen ez zutenez, ez zieten PCRa egin eta ez zen transmisioa hobeto mugatu. Orain, antzerako zerbait gertatzen ari dela pentsatuta iruditzen zaigu lan egin behar dela kontaktua ehuneko ehunean ulertzen, birusa zelan hedatzen den jakiteko.

Momentu honetan, kontaktu zuzenaren irizpideak ezagutzen ditugu: 15 minutu baino gehiago maskararik barik 1,5 metro baino gutxiagoan positibo bategaz egotea.
Termino hori ondo dago, baina posible da beste mota bateko kontaktuak ere egotea. Esate baterako, badakigu maskarak ez direla ehuneko ehunean eraginkorrak. Gela berean ordubetean positibo bategaz egon bazara, aukera dago aerosolen bitartez kutsatzeko.

Kutsatuen erdiek baino gehiagok ez dakite zelan kutsatu diren.
Hainbat kontzeptu argitu beharko lirateke. Alde batetik, agerraldiak daude. Agerraldiak egoteko, gutxienez hiru kasu lotuta egon behar dira. Posible da pertsona bakarraren kontaktua izatea, bikotekideagaz adibidez, eta kasu horretan bata bestearengandik kutsatu ahal izan da, baina lehenengoa ere ez dakigu non kutsatu den. Eta oso portzentaje altu batek, kutsatuen erdiek baino gehiagok, ez dute positibo batekin inongo kontakturik definituta. Identifikazioa hobetu egin daiteke. Bestalde, gaur egungo aztarnariek aurrera begirako lana egiten dute eta kutsatze berriak ez gertatzea da euren lehentasuna. Ildo horretatik, lan handia egiten dute. Baina gure ikerketa laguntza bat da, atzerantz begira jartzeko eta kateak nola eten hobeto ulertzeko. 

Azken asteetan martxan jarritako neurri berriekin kutsatze kopuruak behera egin duen arren, oraindik zifra altuetan gaude.
Kutsatzeak oraindik gertatzen ari dira. Bestela, bi astean ez litzateke kasu berririk agertuko. Kasu batzuk izan daitezke jendeak ez dituelako neurriak errespetatzen, baina baliteke kutsatzeak beste leku batzuetan gertatzen direlako izatea.

Leku batzuetan aplikazioak jarri dira martxan. Estatuan ez du arrakasta handirik izan.
Aplikazioaren inguruan bi gauzak harritzen naute. Alde batetik, ez da komunikazio kanpaina potente bat egin jendeak aplikazioak jaitsi ditzan. Bestetik, herrialde batzuetan leku zehatz batzuetara sartzeko aplikazioa deskargatuta izan behar duzu. Horrelako neurri batzuekin, erabilera bultzatu daiteke. Gainera, sentsazioa daukat aztarnariek ez diotela balio gehiegirik eman. Baina hau  iritzi subjektibo bat da. Edonola ere, lagungarria izan daitekeen neurri bat da eta ez gara asko erabiltzen ari.

Ostalaritza ixtea, taldeak sei pertsonakoak izatea... kutsatzeen fokua inguru sozialean ipini da. Baina beste transmisio gune batzuk ere aintzat hartu beharko lirateke? 
Argi dago maskara kentzen badugu eta lagunartean trago batzuk elkarrengandik gertu hartzen baditugu, birusa hedatzeko arriskua dagoela. Baina fokua eta neurriak hor bakarrik jartzea aurretik jarri den kontaktu definizioaren ondorio bat da. Beraz, topatu dira kutsatzeak bilatu diren lekuetan. Kontaktu definizio horrekin, maskaragaz ezin zarela kutsatu, ekidin egiten duzu kontaktuak beste inguru batzuetan topatzea. Bi aste joan dira azken neurriak hartu direla eta ezinezkoa da kutsatze denak hor egotea, horrela balitz ez litzatekeelako kutsatzerik egongo. Baina, daturik izan gabe, garraio publikoa, lana edo eskolak seinalatzea transmisio iturri modura arriskutsua da, ez baitakigu horrela den. Beste eremu batzuetan ere egon daitezke.

Birusari edozein barrera jartzen badiozu, kutsatzeek beherantz egiten dute. Arazoa da birusak beste kutsatze bide batzuk topatzen baditu berriro gora egingo duela, oraindik ere nahiko transmisio komunitarioa dago eta.

Esperantza guztiak txertoan jarri dira. Zein eragin izan dezake txertoak?
Zaila da jakitea. Balorazio oso positiboa egiten dut enpresa asko dabitzalako txertoa garatzeko lanean. Itxuraz, hainbat kasutan emaitzak norabide onean doaz. Hala ere, oraindik ez dira guztiz onartu, eta, beraz, ez dakigu merkaturatu eta aplikatu ahalko diren.  Zain egon beharko dugu. Edonola ere, logistika guztia aurretik antolatzea ondo dago prest dauden momentuan segundo bakar bat ere ez galtzeko. Arriskutsua iruditzen zaidana da dena ziurtatuta egongo balitz bezala saltzea. Baietz espero dugu, baina hainbeste oihartzun emateari arrisku handia ikusten diot. Agian jendearen morala igotzeko egiten dute, baina horrek bere arriskua du. Ziurgabetasun momentua da eta ez nuke ez baterako ez besterako apusturik egingo.

Konfinamendua mahai gainean zegoela esan ziguten orain aste batzuk. Txertoa urtarrilean ematen hasiko diren mezu horregaz aldaketa etorriko dela diote. Hau errusiar mendi bat da. Ez dago erdibiderik? Edo konfinamendua edo gure betiko bizitza?
Ezjakintasunarekin bizitzera ohitu behar dugu. Ez dut beste gorakada bat baztertzen eta gabonetan denok konfinatuta egotea. Zenbakiak norabide onean doaz, baina oso altuak dira. Apustu bakarra txertoaren alde egiteagatik B planik ez izatea arriskutsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!