Pinondo Etxean zeuden elkarteak Intxaurrondoko Oktogonoan, Landakoko sotoan eta Txoritokian birkokatu dituzte

Anboto 2020ko aza. 26a, 10:15

Udal espazio publikoen eskasia ikusita, elkarteen kokapen berriak "lan handia" suposatu die udal arduradunei, ohar batean azaldu dutenez.

Durangoko Udalak hainbat udal-espazio berritu ditu, Pinondo Etxean lan egiten zuten elkarteak birkokatzeko helburuarekin. Modu horretan, Pinondo Etxean 2009an antzemandako egiturazko arriskuengatik espazio hori utzi behar izan zuten tokiko elkarte eta eragileei irtenbide bat eman die. Dagoeneko amaitu dituzte 'Txoritoki'ko (Udal Euskaltegiko azken solairua), Oktogonoko eta Landakoko sotoetako lanak, eta, hori dela eta, elkarteak "denbora laburrean" espazioak erabiltzen hasi ahal izatea aurreikusi dute udal arduradunek, oharrak jasotzen duenez.

Udal espazio publikoen eskasia ikusita, elkarteen kokapen berriak "lan handia" suposatu die udal arduradunei. "Orain, buruhauste askoren ondoren, ia elkarte guztiak birkokatzea lortu dugula esan dezakegu", azaldu dute Udaleko arduradunek.

Intxaurrondoko Oktogonoan, orain arte Behargintzako ikastaroak ematen ziren lekuan, JAED, Berbaro eta Zeramika Elkartea egongo dira, besteak beste. Intxaurrondoko gune horretan DAZ eta Durangoko Pasioa ere kokatuko dituzte.

Landako sotoei dagokienez, lanek denbora gehiago behar izan dute; izan ere, COVID-19aren aurkako protokoloek adierazten dutenez, aireztapen-sistema aldatu eta Kontingentzia Plan bat ere idatzi behar izan da. Azkenik, Txoritokian Stop Accidentes, Durango 1936 eta Alkoholiko Anonimoak egongo dira, besteak beste.

67.774 euroko inbertsioa

Lanek 67.774 euroko inbertsioa izan dute. Oktogonoan zeramika elkarteko iturgintza, labea eta altzari guztiak instalatu behar izan dituzte, irisgarritasuna eta instalazio elektrikoa errazteaz gainera. Azkenik, WiFi-a instalatu da eraikin osoan.

Txoritokian, aldiz, zoru guztia aldatu da, "egoera txarrean" baitzegoen. Gainera, itoginak konpondu eta leiho berriak jarri dituzte.

Azkenik, Landako sotoetan aireztapena hobetu da aireztapen-hodi berriak gehitu dira. Gainera, leihoak aldatu egingo dira ireki ahal izateko, gaur egungoak finkoak baitira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!