Durangoko merkatua biziberritzeko plana egitea eskatuko dio EAJk gobernu taldeari

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 24a, 10:10

Talde jeltzaleak adierazpen bat aurkeztuko du eguaztenean egitekoa den osoko bilkuran. Gobernu taldeari eskatuko dio "bi hilabeteko epean, merkatuaren egokitzapen, kudeaketa eta dinamizazio plan bat aurkezteko".

EAJren esanetan, Durangoko merkatua "gainbehera egoera argi" batean dago, besteak beste, azken urteotako kontsumo-ohituren eta herritarren ordutegi aldaketen eraginez. Urteetan hainbat postu zarratu direla gaineratu dute jeltzaleek. Gaur egun "7 postu" baino ez daudela dio EAJk, eta, horiei, 1996an emandako kontzesioa datorren urrian agortuko zaiela gaineratu du. Horregatik guztiagatik, "parte hartze handiko" prozesu bat "lehenbaileen" hasi beharko litzatekeela iradoki du. Udal gobernu taldeari eskatuko dio merkatua "biziberritzeko plan integral" bat egin dezan. Eguaztenean egingo du eskaria EAJk, udaletxean egitekoa den osoko bilkuran.

Jeltzaleek argudiatu dute "azoka plaza, hirigune historikoaren eta udalerriko erdigune neuralgikoaren artean dagoenez, azpiegitura estrategikoa dela Durangoren etorkizunerako". Gaineratu dute "udalerriko merkataritza, gizarte eta kultura-bizitzarako suspertzea funtsezko elementu dinamizatzailea" izan daitekeela, eta horrez gainera "sustapen ekonomikoa" ekar dezakeela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!