"Gatazka honen irtenbide bakarra saharar herriak erreferenduma egitea da, zer gura duen galdetzea"

Jone Guenetxea 2020ko aza. 21a, 10:00

Hayeba El Kori sahararra Aaiun okupatuan jaio zen. Tinduferako bidea hartu zuen bost urtegaz, ahizpagaz eta amamagaz batera, bonbardaketen azpian. Hamabi urtegaz, Kubara joan zen bizitzera. Handik kanpamenduetara itzuli zen, lanera. Orain, Durangon bizi da. El Korik saharar herriaren egoeraz berba egin du.

Hainbat mobilizazio antolatu duzue egunotan, Durangon, Elorrion, Zornotzan, Bilbon... Babesa jasotzen ari zarete?
Populazio zibilaren babesa jasotzen gabiltza. Manifestaziora doan jendearena, eskolan zein kalean ezagutzen nautenena… Eusko Jaurlaritzak gure borroka guztian babestu gaitu. Baina espainiar gobernutik ez dugu batere babesik jaso.

Zer gertatu da Guergueraten?
Sekula ere heltzen ez den irtenbide baten zain gaude. Zulo bat dago Marokok eraikitako harresian, lurralde okupatu eta liberatuen artean. Pasabide horrek 5 kilometro ditu. Handik Marokoren merkantziek irteten dute Afrikara. Sahararen eta Mauritaniaren arteko muga da. Ez du Marokoko mugagaz zerikusirik. Leku horretatik Saharako aberastasuna ustiatuz lortutako merkantzia ateratzen ari dira. Populazio zibilak hiru aste daramatza han kanpatuta. Fronte Polisarioak esan zuena da su eten batean egon arren, nekatuta gaudela. Marokoarren batek gure zibilen bati eraso egiten badio, su etena etengo zuela. Azaroaren 13an, soldadu marokoarrek zibilei eraso egitera irten zuten. Eta une horretan Fronte Polisarioak su etena hautsi zuen. 

Harresi horretan NBEko MINURSOko soldaduak daude. NBEak ez dio ezer oraingoz.
MINURSOk ezikusiarena egiten du Marokok egiten duenaren aurrean. NBE isilik dago, eta guk diogu Marokoren alde gure alde baino gehiago egiten duela.

Zure istorio pertsonalak ondo azaltzen du saharar herriaren ibilbidea okupazioa gertatu zenetik.
Ni Aaiun okupatuan jaio nintzen, Espainiarena zenean. Abenduaren 31n jaio nintzen, eta emagin espainiar batek artatu ninduen. Bost urte nituenean, ahizpa eta biok amamagaz ihesi joan ginen, aldean eraman genuenagaz. Marokoren bonbardaketapean joan ginen eta Aljeriarako bidea egin genuen. Aljeriak lur zati bat utzi zigun harria eta hautsa baino ez dagoen desertu batean. Han ez dago besterik, baina hantxe instalatu ginen. Umetan egindako bidea ez dut gogoratzen. Akordu bakarra da zarata gogor bat entzun nuela eta arbola baten azpian babesa hartu genuela. Irudi hori dut buruan.

Gatazkak badu irtenbiderik?
Inork ere ez du gura gerrarik. Baina irtenbide bakarra saharar herriak erreferenduma egitea da, zer gura duen galdetzea. Baina promesak egin beharrean, erreferenduma bera egin behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!