Erabilitako ordenagailuak jaso, eguneratu eta arrakala digitala pairatzen duten ikasleen artean banatuko dituzte

Joseba Derteano 2020ko aza. 16a, 13:19
Daniel Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendaria, Jorge Varela Durangoko Udaleko zinegotzia, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Eñaut Balier Durangaldeko Enpresarien Elkarteko batzarkidea.

Durangoko Udalak, Maristak Ikastetxeak eta Durangaldeko Enpresari Elkarteak elkarlanean abiatu duten egitasmo berria da.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietara iristeko baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko lubakiari deitzen zaio arrakala digitala. Urteetan handitzen joan den desoreka pandamia sasoian "areagotu" egin dela azaldu du Daniel Irazola Maristak ikastetxeko zuzendariak gaurko prentsaurrekoan. Horregatik, eremu horretan eragin guran eta, batez ere ikasleei eta euren familiei bideratuta, erabilitako ordenagailuak jaso, eguneratu eta beharra dutenen artean banatzeko egitasmoa abiatu dute Durangoko Udalak, Maristak Ikastetxeak eta Durangaldeko Enpresari Elkarteak (DEE) elkarlanean.

Lehenengo pausoa ordenagailuak lortzea da. Horretarako enpresarien elkarteak barne komunikazio bat bidaliko die bazkide guztiei —100 enpresa inguru— ekimenaren berri emateko. Norbanakoek ere badute ordenagailuak emateko aukera. Horretarako gune bat bideratu du udalak: Landako 1 kiroldegiko sotoak. Han jasoko dituzte ordenagailuak astelehenetik zapatura, 16:00etatik 20:00etara.

Printzipioz, ordenagailu operatiboak jasoko dituzte, hau da, funtzionatzen dutenak eta 2007tik aurrekoak.

Maristak Ikastetxeko ikasleen lana

Elkarlanaren kateko hurrengo urratsa ordenagailuak eguneratzea eta berrerabiltzeko moduan jartzea da. Maristak Ikastetxeko 20 informatika ikasle arduratuko dira horretaz. "Proiektuan parte hartzeko proposatu genienean zalantza bako baietza eman ziguten eta gogotsu agertu dira. Eurak dira protagonistak, ikasle horiek eta euren irakasleak" nabarmendu du Daniel Irazolak. Ordenagailuak "berregokitzea" eta "bigarren bizitza bat ematea" izango da euren lana.

Prest dauden ordenagailuak udaleko Gizarte Ekintza sailaren bidez kudeatuko dituzte. Heziketa Batzordera joko dute beharrizanik handiena duten ikasle eta familiak nortzuk diren jakiteko.

Edozein duda argitzeko helbide elektroniko honetara idatzi daiteke: gekintza@durango.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!