Gobernu Taldea: "Durango Kirolak-en prezioak igotzea leporatu digute eta errealitateak gezurra dela erakutsi du"

Anboto 2020ko aza. 13a, 19:59

Durangoko Gobernu Taldeak Durango Kirolak-i buruzko autofinantzaketaren azterketa argitaratu du. Dokumentu horrekin EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak argudiatu dutenez, batzordean prezio igoeren adibide batzuk eman ziren ( %5,%10, %15 eta %100), "udalaren finantzaketak zer dakarren ikusteko".

Eztabaida sortu da Durango Kirolak-eko batzordean Iker Urkiza alkateordeak planteatutakoarekin. EAJk publikoki kritikatu du Gobernu Taldeak prezioak igo gura dituela. Gobernu Taldeak ostera, jeltzaleek esandakoa gezurtatu du. Durango Kirolak-en batzordean Iker Urkiza alkateordeak ondorengoa esan zuela argudiatu dute: "Ez dago igotzeko planteamendurik, baizik eta hauek dira aukerak, hau da errealitatea". Batzar horretara eraman zena hainbat adibide izan zirela diote, "aztertzeko".

Gobernu taldearen ustez, "EAJk egin duena oso larria da, elkarrekin lan egitea ezinezkoa dela erakusten baitu. Batzorde horretara eraman zena autofinantzaketari buruzko lehen azterketa eta lan-planteamendu bat izan zen, haiek beren proposamena egin ahal izan zezaten oposizio eraikitzaile gisa, hainbat kasuistikatan oinarrituta".

Aurrekariak

Aurretik ere, EAJk kritikatutako balizko prezio igoera gezurtatu du Gobernu Taldeak. Jeltzaleek gaur bertan emandako prentsaurrekoan prezio igoera planteatu zela berretsi dute. EAJk Gobernu Taldearen "zuzenketa" eskatu du, eta hori egin ezean, Iker Urkizaren dimisioa. Berehala etorri da Gobernu Taldearen erantzuna.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!