Txomintxo eta Perutxo lehendakariak izango dira anaia bikien abentura berrian

Aritz Maldonado 2020ko aza. 14a, 11:50

Txomin eta Peru Magdalena durangarrek Txomintxo eta Perutxo pertsonaien bosgarren abentura aurkeztu dute oraintsu. 

Peru eta Txomin Magdalena anaiek Txomintxo eta Perutxo pertsonaien abenturen beste kapitulu bat kaleratu dute. Oraingo honetan, gazte biak Gasteizera doaz klasekideekin batera, Eusko Legebiltzarra bisitatzera. Bertan direla, Iñigo Urkullu lehendakaria eurengana hurreratu eta erronka moduko bat botako die anaia bikiei, tirabiratxo baten ostean: "Zuek hobeto egingo al zenukete?". Horrela, astebetean Ajuria Enean egongo dira, aginte makila eskuan dutela. "Oso legegintzaldi dibertigarria, fantasiazkoa eta zoroa da", azaldu du Peru Magdalenak. Txomin irakaslea da Haur Hezkuntzan, eta Peruk irakurketa klubak dinamizatzen ditu. Beraz, biek hartu-eman zuzena dute umeekin, eta horrek eragina du euren sorkuntza prozesuan. "Umeek euren ideiak helarazten dizkigute, eta gureekin batera elkartzen ditugu gero", gehitu du Txominek. Pozik daude lortutako emaitzagaz, eta luzerako soka dute, gainera. "Ideia asko ditugu liburu berrietarako. Umeek ere egiten digute ekarpena, eta bikiak heldu izatera helduko diren galdetzen digute sarritan".

Sortako bosgarrena
Txomintxok eta Perutxok legeak sortuko dituzte eta dirua non inbertitu erabakiko dute oraingo abentura honetan. Baina orain arteko lau liburuetan bestelako abenturak eduki dituzte. "Maitemindu egin dira, trikimailuak egin dituzte eskolako jangelan janari txarra ez jateko, armairuaren atzeko aldea denboraren makina bihurtu dute...", gogoratu du Peruk. "Hainbat gai eta egoera landu dugu liburuetan, baina nahiko modu naturalean irten zaizkigu beti", gehitu dio anaiak. Ohi den moduan, Magdalenatarrek Iosu Mitxelena izan dute bidelagun, eta bera arduratu da marrazkiez, aurreko liburuetan legez.

Juul saria, beste behin
Magdalena anaiak pozarren daude Txomintxoren eta Perutxoren abentura sorta izaten ari den harreragaz. "Umeek esaten digute oso gustura irakurtzen dituztela", azaldu du Txominek. Hain zuzen ere, Juul saria irabazi dute aurten ere, liburua kaleratu eta ia segidan. Ikastolen Elkarteak gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko helburuagaz antolatzen du Juul sariketa. "Pozik gaude eta saritzeak bete egiten gaitu, umeek aukeratzen dituztelako irabazleak. Ez daude heldu batzuk, euren seriotasunetik, umeentzako libururik onenak zeintzuk diren aukeratzen", esan dute. Orokorrean ere, liburuek harrera oso ona dutela nabarmendu gura izan dute Magdalenatarrek. "Aurreko liburuetariko batzuk bosgarren eta seigarren edizioan daude jada", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!