“Itxialdia helduz gero, intsumisioaz gainera desobedientzia zibila martxan ipintzeko aukerak egongo dira”

Jone Guenetxea 2020ko aza. 16a, 09:00

Balizko itxialdi baten aurrean, hainbat gurasok umeen eskubideak erdigunean ipintzea eskatu dute. 'Haurren itxialdirik ez!' adierazpenak ehunka sinatzaile batu ditu. Hausnarketarako deia egin dute. Ander Berrojalbiz durangarrak 'Haurren itxialdirik ez!' manifestua kaleratu du Maider López bikotekideagaz. Idatziak babes handia jaso du

Iritzi gutuna kaleratu duzue hainbat pertsonaren babesagaz (haurrenitxialdirikez.wordpress.com). Zein da helburua?
Martxotik ekainera egon zen itxialdiari buruz hausnartzea, horrelakorik berriro ezarri ez dadin presio egitea eta, ezartzekotan, ez diogula zertan familiaren edo elkarbizitza unitatearen bakardadean aurre egin behar, hau da, ez gaudela bakarrik eta asko garela erakustea.

Guraso legez, zelan bizi izan zenuen konfinamendua?
Amorratuta. Amorratuta, milaka langile kalean zeuden bitartean, multinazionaletako banatzaileak etxerik etxe zebiltzan bitartean,  gure seme-alabak 24 orduan etxean giltzapetzeko agindua geneukalako; amorratuta espainiar gobernua Europa osoan horrelako itxialdi mota ezarri zuen gobernu bakarra izan zelako, lurralde guztian berbera, berdin herri, hiri edo irletan, birusaren intzidentzia kontuan hartu barik; eta amorratuta ezkerreko alderdi, erakunde eta hedabideek mantendutako isiltasunagaitik eta tamainazko arbitrariotasunen aurrean agertutako kriterio faltagaitik.

Eduki zenuten amorru hori kudeatzeko modurik?
Guk, familian, desobeditzea erabaki genuen. Ez zen erraza izan, hamaika pasatu genituen, baina guretzat, aipatutako arbitrariotasunen aurrean, gure haurrak giltzapetzea eta ikaratzea onartezina zen. Gero, gure esperientziaren berri eman nuen, apirilaren 25ean, Ediciones El Salmónen webgunean argitaratu zen gutun ireki baten, Carta de un padre insumiso izenburuagaz.

Tabernak itxi dituzte. Hurrengo neurria haurrak etxeratzea izan daitekeelakoan zaudete?
Entzun diegu jada bai gobernu zentralaren bai Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileei itxialdiei buruz berbetan. Ez dute zehazten zer itxialdi motari buruz ari diren. Aukera guztiak mahai gainean daudela diote, berriro gizartea beldurtuz eta jendea adingabe lez tratatuz. Kezkatuta gaude, bai.

Ikerketen arabera, umeak ez dira transmititzailerik garrantzitsuenak. Zelan azaldu daiteke umeen etxeratze posible bat?
Haurren itxialdi totalak ez zuen justifikaziorik izan martxoan. Orain, gainera, beste adinetako pertsonekin alderatuta, badakigu koronabirusak oso eragin txikia duela umeengan, eta ez direla transmititzaile handiak, martxoan frogarik barik esaten zen moduan, agian txikienak baino, eta kalean kutsatzeko arriskua oso baxua dela. Hala ere, Frantzian neurri gogorragoak eskatzen dituzten ahotsak entzuten hasi dira eta eskoletan maskara derrigor eramateko adina jaitsi berri dute. Gure kasuan, Espainiar Estatuan, gizartea erruduntzat jotzea ohitura bilakatu den lurraldean, edozer ikusteko eta jasateko prest egon behar dugu.

Ematen du neurriak kritikatzea negazionismoagaz lotzen dela.
Ematen du martxoan gobernuak, estatuko osasun sistemaren egoera eskasa ezkutatzeko, terrore informatiboa eta estatu poliziala ezarri zituela; eta bereziki lehenengo neurri horri, terroreari, buelta ematea oso konplikatua da, baita gobernuarentzat berarentzat ere. Hori dela-eta, orain, azkenik, kritikak oihartzuna edukitzen hasi dira, eta hor negazionismoa eta konspirazionismoa oso ondo datozkio gobernuari, kritika eta kritiko guztiak zaku berean sartu ahal izateko. Guk ez dugu koronabirusaren existentzia ezeztatzen, ezta gizarteko talde jakin batzuengan bere eragina arriskutsua izan daitekeela ezkutatu gura. Guk arbitrariotasunik barik, mehatxurik barik eta pertsona heldu lez tratatuak izan gura dugu.

Iritzi gutunean intsumisioaz eta desobedientzia zibilaz berba egiten duzue. Umeak etxeratuz gero, aukera bat izan daiteke?
Espero dugu haurren itxialdi berririk ez ezartzea, ezta familian kalera irtetea debekatzea ere, horixe da gure idatziaren lehenengo helburua. Horren ostean, gure haur eta gazteei exijitzen ari zaizkien sakrifizioen eta hauen kostu eta mugen inguruko hausnarketan sakondu beharko genuke. Aldiz, itxialdia ezarriz gero, gure manifestuak jaso duen babesak frogatzen duenez, egoera ez da martxokoa, informazio askoz ere gehiago daukagu; beldurtuta baino, jende asko haserre dago, eta ez gara gutxi. Uste dugu begi bistan geratu dela, itxialdia helduz gero, intsumisio pertsonal edo familiarraz gainera, desobedientzia zibila martxan ipintzeko aukerak egongo direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!