Nondik dator zuen elkarlan hau? Ez zarete belaunaldi berekoak.
Arkaitz Cayado 'Itsua': Peioren aitagaz jazz kontzertuetan-eta elkartu izan naiz, eta bere bitartez ezagutu dut Peio. Semeak rapeatu egiten zuela esan zidan, eta entsegu batera etortzeko esan nion. Hasieran, beldur apur bat ematen zidan, 90eko hamarkadakoa delako nire estiloa, eta gaur egungo rapa ez zait larregi gustatzen, ez musika aldetik ez mezu aldetik. Baina entsegura etorri eta harritu egin ninduen. Rapeatzen hasi zenean, bazuela mamia ikusi nuen. Orain urtebete baino gutxiago izan zen hori.
Peio Azkarate: Orain urte askotik enzuten dut rapa, baina 'Itsua'-gaz abaniko musikal handia jaso dut, eta hip hop bizitza ulertzen ere lagundu dit.
A.C.: Peio itzela da, duen estiloagaitik, hizkuntza ondo dakielako, eta transmititzeko duen gaitasunagaitik. Hogei urte daramatzat rapean, eta zerbait desberdina egiten duela uste dut.
Hip Hopa euskara hutsean. Ez da ohikoa. Jauzi hori egin dela uste duzue?
P.A.: Egiten ari dela esango nuke. Hor daude Xatiro, Ziakus... badago jende bat hor, urte batzuk barru gogoratuko duguna.
A.C.: Nik uste dut hamar edo hogei urte barru ikusiko dela euskarazko hip hopean gaur egun egiten ari denaren emaitza.
Zelan moldatzen zarete lanerako?
A.C.: Hip Hoparen ezaugarrietariko bat da bakarka lan egiteko aukera ematen duela, eta nik gustuko dut gauzak nire kontura lantzea.
P.A.: Nik beharrezkoak ditut kaleko giroa eta bizipenak. Baina, gero, bakardadean garatzen ditut ideia horiek. Sorginolan grabatu izan ditut gero ahotsak, bakarrik zein lagunen bategaz, eta zirriborro horiek 'Itsua'-ri bidali izan dizkiot.
A.C.: Teknologiari eskerrak, bakoitzak bere kabuz lan egitea errazagoa da gaur egun. Hala ere, beharrezkoa ikusten dut lokal bat edukitzea hori guztia gero partekatzeko, funtzionatzen duen ikusteko, edo abestiak sortzeko. Orain pandemia egoerak hori guztia aldatu duen arren.
Diskoaren diseinua ez da ohikoa. Txiskero formatuan kaleratu duzue. Zergaitik?
A.C.: Beat Saladen lan gehiago KDan gehiago ez ateratzea erabaki genuen. Nire azken lan biak, adibidez, bata biniloan eta bestea postal batean kaleratu genituen. Gaur egun, mugikorretik entzuten da musika gehienbat, baina uste dugu lehenengo lana euskarri fisikoan atera behar dela. Nire kasuan, biniloan entzuten dut musika, batez ere. Urteak dira KD bat erabiltzen ez dudala.
P.A.: Biniloan kaleratzea garestia da. Buruari bueltak ematen egon ginen, ea zein izango zen gehien zabalduko zen aukera. Metxeroekin, entzuleen eskura uzten duzu gainera, diskoaren zabalkundea eskutik eskura ibiliko da eta. Entzulearen parte-hartzea aktiboagoa izango da, beraz. Azken finean, gure lana zabaltzea da gure helburua. Honetatik dirua ateratzea utopia bat da.
Baduzue beste proiekturik esku artean?
A.C.: Oso proiektu potente batean gaude sartuta, Ein2ogu kolektiboagaz. 7 hazbeteko disko biniloa kaleratuko dugu, abesti bikoa. Ekoizle bik eta sei MCk parte hartuko dugu; Bilboko, Gasteizko eta Durangoko jendea gaude, eta euskaraz, woloferaz eta gaztelaniaz abestuko dugu; nahaste interesgarria geratuko da. 2020an musika egiten eta egurra ematen jarraituko dugu.