“Durangon baheketa egin ezean positibo eman duen %1,8 hori kudeatu barik geldituko litzateke”

Jone Guenetxea 2020ko aza. 6a, 09:30

Intzidentzia tasak milaren bueltan jarraitzen du Durangon, azken egunetako positibo kopuruak behera egin duen arren. Orain aste bi, Osasun Sailak baheketa egin zuen 13tik 40 urtera arteko durangarren artean. Iñaki Agirrebeitia Durangoko Lehen Arreta Zerbitzuko burua da. Parte-hartzea ontzat ematez gainera, herritarrei eskerrak eman gura izan dizkie.

 

Zein balorazio egiten duzue Durangoko baheketaren inguruan?
Herritarren parte-hartzea goraipatzekoa da. Baheketara deiturikoen erdiek euren denbora eskaintzeak borondate ona,  gizarte eta herritartasun kontzientzia eta gaixotasunarekiko ardura adierazten ditu.

Zeintzuk dira daturik esanguratsuenak?
Azaroaren 2an ditugun datuen arabera, baheketan landutako 6.122 laginen %1,8k emaitza positiboa eman dute. Adin taldeei begira, 18 urtera artekoak dira deialdira etorri direnen gehiengoa. Posible da, eskolekin batera egindako deialdia izan delako. Eskolek arlo honetan egindako lana eskertzeko aprobetxatu gura nuke. Kasu positiboak ez dira pilatu adin tarte konkretu batean.

Datu horiek aztertuta, zein ondorio atera daiteke?
Ondoriorik argiena da Durangon baheketa egin ezean %1,8 hori kudeatu barik geratuko litzatekeela. Bestalde, ohiko miaketetan badakigu positiboekin kontaktua izan dutenen %1,4 PCR positiboakizan direla (urriko datuak), beraz, baheketak dakarren onura teorikoa miaketa taldeen konplementarioa den lanean dago.

Parte-hartzea %46koa izan da deituta zeuden 13tik 40 urtera arteko herritarren artean. Kopuru hori ontzat ematen duzue? Aurreikusitakoa baino lehenago amaitu zenuten baheketa.
Urriaren 24an jabetu ginen aurreko egunaren txanden erdia eskatu zela, eta 25erako aurreko egunaren erdia aldi berean. Txanda eskaeraren bilakaera behera zihoan, nabarmen. Ordurako, aurreikusitako txanden %50 hartuta zeuden, eta beste herrietako esperientzia ikusita baheketaren amaiera aurreratzea erabaki zen. Horretaz gainera, gogoratu beharra dago gure erakundeak egindako profesionalen mobilizazioa, gauden egoera honetan neurtu behar dugula.

Baheketaren ostean emaitzak berandu jaso izana kritikatu dute hainbat herritarrek. Zergaitik gertatu da hori?
Ulertzekoa da herritarren haserrea. Arazo teknikoak izan dira tartean, jakina da lagin nahikotxo sare publikoko beste laborategi batzuetara bideratu izan behar direla eta beste kasu batzuetan proba errepikatzea suposatu izan du. Arazo horiek ez dira izan planifikazio ezagaitik, eta baheketaz gainera gure eskualdeko beste arloetan ere eragina izan du. Honetaz jabetu orduko gure esku izan diren baliabideak erabili ditugu konponbide bat lortzeko.

Baheketa alde batera utzita, Durangoko anbulatorioan egunero egiten duzuen lanari buruz galdetu gura nizuke. Zelan bizi izan duzue egoera hau eta zelan zaudete une honetan?
Ezaguna da pandemiak osasun arloan izan duen eragina. Izatez, gizarteak pairatu dituen aldaketen antzerakoak izan dira. Orokorrean, pandemiaren lehenengo boladan, gizartearen eta osasun arloko "kontrakzioa" bizi izan dugu. Koronabirusak gaixotasun arruntak isilarazi zituen eta ospitalak gainezka zeuden berriak baino ez genituen. Lehen Arretan, antolaketa aldaketa sakon bati aurre egin diogu, gaixotasun arruntak eta Covid gaixoa dutenak egoki artatzeko. Goraipatzekoa da taldeak (estamentu guztiak) izan duen jarrera. Ordutegi eta antolaketa aldakorrak, etengabeko ezagutza eta egoera kliniko gogorrei aurre egiteko. Gaur egun, aurreko egoerak indarrean jarraitzen du, nekea nabaritzen da, baina  baita profesionaltasuna ere.

Lehen Arretak hainbat kritika jaso ditu lanaren zati bat telefonoz egitearren. Langileok zelan bizi duzue hori?
Argitu beharra dago aurrez aurreko kontsultak, bai koronabirusari bai beste gaitzei buruzkoak, mantendu izan ditugula. Prestazio hori kudeatzeko era izan da aldatu dena, telefono bidezko lehen arreta. Alde hau da oraingo ikuspuntutik gizarteak txarto ikusten duena, baina gogoratu beharra dago, orduko egoera ezberdina zela.

Kasu asko artatzen genituen,  horietariko asko larriak. Telefono bidezko aurrekontsultek, gehiegizko kontsultak eta osasun zentroetako gaixoentzako segurantza bermatzea erraztu dute. Osasun zentro handi batek duen arazoetariko bat harrera eta gaixoen joan-etorria zaintzea da, betiere larregiko aforoak saihesteko. Maiatzetik hona, zirkuitu egokiak lantzen ari gara aurrez aurreko txanda zuzena hartu ahal izateko. Ez dugu gaixoak aurrez aurre ikusteko arazorik, are gehiago, prestazio horretan gaude trebatuta. Telefono bidezko kontsulten limitazioez jabetzen gara, baina lehen erabiltzen genituen moduan, posible da, herritarrek horrela gura izanez gero, egoera konkretu batzuk atenditzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!