Martxotik honako bidea aztertuta, "goi burgesiak" hurrengo urteetako gizarte ereduaren oinarriak definitu dituela uste du Gazte Koordinadora Sozialistak. "Pobrezia orokortua, eskubideen zein askatasunen indargabetzea, eredu soziokultural alienantea eta polizia-estatua". Alderdi politikoek eredu hori "onartu" dutela diote, "non eskubide zibil eta politikoak egun batetik bestera ezabatu izanaren aurrean ez duen inork ere oposizio errealik planteatu, ezta sozialdemokrazioak ere".
Gaur egungo egoerari aurre egiteko bitarteko nagusia "proletariotzaren antolakuntza komunista" dela uste dute eta pandemia bezalako larrialdi egoera batean "pertsonen osasuna" eta jendartearen "oinarrizko askatasun eta eskubideak" lehenetsi behar direla.
Salaketa kanpaina bat abian jarri eta eskualdeetan mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute.