Abenduaren 12an Emakume abertzaleen VIII. topaketa feministak egingo dira Errenterian (Gipuzkoa). Bi urterik behin antolatzen dira topaketok, eta, aurten, dekolonitatearen gaia ipiniko dute eztabaidaren erdigunean. Kontua da mugimendu feminista "emakume euskaldun zuri gisa" interpelatua izan dela, eta interpelazio horren aurrean praktika dekolonialen beharretaz hausnartzea erabaki duela. "Galdera, marko eta aliantzetarako formula berrien bila" jarriko direla esan du Euskal Herriko Bilgune Feministak. "Horretan ari gara" adierazi dute.
Errenteriakoa izango da hitzordu nagusia, baina hori ailegatu bitartean, beste jardunaldi bat antolatzea erabaki du Durangoko Bilgune Feministak. Harreman kolonialen gaiari helduko diote Lokaztu gaitezen, topaketei begirako kokapen saioan leloa oinarri hartuta. Jardunaldia 29an egingo dute Plateruenan. Goizeko saioa izango da, 10:00etatik 13:00etara bitartekoa. Segurtasun neurri guztiekin egingo dute. Izena emateko epea zabalik dago. durangokobf@gmail.com helbidera idatzita inskribatu daiteke.
Antolatzaileek adierazi dutenez, gertutasuna eskainiko duen saioa izango da. Hausnarketa eragingo duena, baina hurbila, gertukoa. Beldurrik barik izena ematera deitu dute.