[GIDA] Zeintzuk dira Durangoko TAO guneen ezaugarri berriak?

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 29a, 19:32

Durangoko Udalak Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza berritu du. Asteon egindako osoko bilkuran onartu dute araudi berria. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak proposamenaren alde egin dute. Abstenitu egin da EAJ, eta, aurka bozkatu du PSE-EEk.

Durangoko Udalak Trafikoaren eta Aparkamenduaren Ordenantza berritu du. Hainbat dira hemendik aurrera indarrean sartuko diren aldaketa berriak. Honakoak dira ezaugarri nagusiak:

TAO gune gehiago

Orain arte bi TAO gune egon badira, lau egongo dira aurrerantzean. Aritz Bravo zinegotziak asteon egindako osoko bilkuran azaldu zuenez, zonifikazioa hedatzeak herriko "barne zirkulazioa murriztea" ekarriko du. 

  1. Gunea. Durangoko Alde Zaharretik hilerrira arteko tartea hartuko du. Antso Estegiz, Larrasoloeta eta San Frantzisko kale inguruak hartuko ditu.
  2. Gunea. Alde Zaharretik Askatasun Etorbidera bitarteko tartean luzatzen da. Anbulatorio zaharraren inguruan eta San Rokera arteko eremuak hartzen ditu
  3. Gunea. Sasikoa kaletik Iurretara bitarteko eremua arautuko du, Madalena eta San Inazio auzoen inguruetakoa.
  4. Gunea. Landako, Txibitena eta Murueta Torre inguruak arautuko ditu gutxi gorabehera. Ordenantza berriaren arrastorik esanguratsuenetako batzuk inguru horietan igarriko dira. Udal gobernu taldeko kideek diotenez, TAO gunea kale horietara hedatzeak "eskari historiko" bati erantzuten dio. "Kirol eta osasun azpiegiturak daude inguru horietan. Herritarrek sarri esan digute horietara iristeko eta aparkatzeko zailtasunak egon ohi direla", esan dute.

Figura berri bat agertu da: Trantsizio kalea

Ordenantza berriak dakarren berrikuntza nagusi bat Trantsizio kaleak dira. Baina zer da Trantsizio kale bat? Bada, zerbait berria da. Aurrerantzean existituko den figura berri bat. Teknikoki TAO eremutik kanpo dauden kaleak dira, baina TAO guneetatik duten gertutasunagatik, eta, ondorioz, jasaten duten trafiko presioarengatik, horiei izaera berezi bat ematea erabaki du udalak.

  • Bi izango dira Trantsizio kaleak: Askatasun Etorbidea eta Alluitz kalea.
  • Zein izango da bertako funtzionamendua? Kale horietan bizi diren herritarrek egoiliarren erregimenaren eraginpean aparkatzeko aukera izango dute, betiere, ezarritako kuota ordaindu ondoren. Funtzionamendu horrek kale bakoitzaren atari batzuei eragingo die. Ez kale osoari. Askatasun Etorbidearen kasuan, 14, 16, 17, 18, 19, 20, 20A, 21,22, 23 eta 25 atariei. Alluitz kalearen kasuan, 1A, 1, 2, 3, 4, 5, 5A, 6, 7, 8, 9 eta 11 atariei.

Iraupen laburreko gune gehiago

Errotazio handiko guneak gune gehiagotan ezarriko dira.  Orain arte Landakoko osasun-etxearen inguruan egon da errotazio handiko gunea. Bada, aurrerantzean, anbulatorio zaharraren inguruan eta Zumalakarregi kalean ere ipiniko dituzte. Horietan 90 minutuko aparkaldiak egin ahal izango dira gehienez. 

GUNEAK ETA SEKTOREAK, KALERIK KALE

1. GUNEA

Sektore urdina: Antso Estegiz zumardia (Komentukale-Larrasoloeta, Erretentxu, Intxaurrondo (Laubide-Balbino Garitaonandia plaza), Juan Mari Altuna (Kurutziaga-Matxinestarta), Komentukalea (Garitaonandia palza-Antso Estegiz zumardia), Kurutziaga (Gernikako Arbola plaza-Juan Mari Altuna), Laubideta, Matxinestarta, Montevideo (Olleria-Pablo Pedro Astarloa), Olleria (Matxinestarta-Montevideo), Pablo Pedro Astarloa (Montevideo-Matxinestarta), San Frantzisko, Santasusanoste, Txatxiena

Egoiliarren eremu esklusiboa: Arandoñotorre, Fondo de Saco Laubideta, Kurutziaga (Andra Mari-Juan Mari Altuna), Monagotorre, Montevideo (Pablo Pedro Astarloa-Zumalakarregi)

2. GUNEA

Sektore urdina: Askatasun Etorbidea (Zabale-Herriko Gudarien kalea), Galtzareta, Geltoki, Herriko Gudarien kalea (Galtzareta-Bruno Maurizio Zabala eta Jose Miel Barandiaran-Oiñiturri), Joxe Miel Barandiaran, Oiñiturri, San Agustinalde, San Rokebide (Zabalekoa-Galtzareta), Zabalekoa

Sektore berdea (Gehienezko aparkatze denbora, 90 min): Zumalakarregi, Herriko Gudarien kalea (Anbulatorioko sarreran dauden plazak eta ondoko aparkalekua)

3. GUNEA

Sektore urdina: Agirre Lehendakaria, Dario de Regoyos, Ermodo (Trenbide kalea-Landako etorbidea), Fray Juan de Zumarraga, Frantzisko Ibarra (Landako Etorbidea, Mikeldi kalea), Juan Antonio Abasolo, Mikeldi, Landako Etorbidea (Mikeldi-Frantzisko Ibarra), Oiz, Sasikoa, Trenbide kalea, Tronperri, San Inazio auzoa, Saibi.

Egoiliarren eremu esklusiboa: Anboto, Urkiola

4. GUNEA

Sektore urdina: Arripausueta auzoa, Artzetagaungana, Gallanda, Ibaizabal auzoa, Juan Mari Altuna (Untzillatx-Gallanda), Lanako etorbidea (Oiz-Urko), Muruetatorre auzoa (kiroldegiaren eta atletismo-pistaren aparkalekua barne), Olleria (Untzillatx-Gallanda), Txibitena auzoa, Untzillatx, Urko

Sektore berdea (Gehienezko aparkatze denbora, 90 min): Landakoko anbulatorioa

Egoiliarren eremu esklusiboa: Muruetatorre (1-A ataritik 3-A atarira)

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!