Hemen Bai jaio da, Durangoko dendarien eta ostalarien produktuak online eskuratzeko plataforma

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 29a, 11:57

Hemen Bai elkarteak eta Durangoko Udalak www.hemenbai.com ataria sortu dute herriko dendarien eta ostalarien produktuak herritarren eskura ipintzeko. Komertzioen digitalizazioan laguntzeko tresna da.

Durangoko dendariek, autonomoek eta enpresek euren produktuak online eskaini ahal izateko gune berria dute gaurtik aurrera: Hemen Bai. Denden digitalizazioa bultzatzeko pauso bat dela nabarmendu du udalak, eta garai hauetako testuinguruari erantzun gura dio modu horretan. "Gizartean gertatzen ari diren ohitura aldaketez jabetu behar gara, COVID-19ak sortutako egoerak indartu egin baititu. Udalak digitalizazioaren aldeko apustua egiten du, eta, beraz, tokiko negozioei tresna bat eskaini nahi diegu, produktuak beste bide batzuetatik saltzen jarrai dezaten", azpimarratu dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

Hemen Bai elkarteak hilabeteak zeramatzan enpresari txikiei laguntzeko aplikazio bat garatzen. Proiektuak gaur ikusi du argia. Etxekoak eta dendariak gerturatzeko aukera eskaintzen du plataformak. Bertan parte hartu gura duten dendariek zein autonomoek doan iragarri ahalko dituzte haien produktuak eta promozioak.

Plataforma Durangoko sozioekonomia berraktibatzeko planaren zati da. Udalak 30.000 euro inbertitu ditu web orria sortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!